Finalera begira jarrita dira dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako parte hartzaileak nahiz bertsozaleak. Izan ere, atzo hasi zen finalaren aurreko saioen fasea. Oiartzunen abestu zuten sei bertsolarik aurreneko finalerdian, Oier Etxeberria azpeitiarrak tartean, eta Beñat Gaztelumendi nagusitu zen. Ondorioz, añorgarrarentzat izango da finaleko zortzi eserlekuetako bat.
Etxeberriak saio txukuna ondu zuen atzokoan, baina lortutako puntuekin oso zaila du finalera sailkatzea. Izan ere, bosgarren sailkatu zen 468,5 puntu batuta, baina oraindik bi finalaurreko falta dira jokatzeko. Ondorioz, atzoko saioko garailea, datozen bietako irabazleak eta puntu gehien batzen dituzten beste bost bertsolari izango dira abenduaren 14an Donostia Arenan gauzatuko duten finalean. Hori dela eta, ia ezinezkoa da Etxeberriak azken plaza horretan lekua izatea.
Finalerako txartela esku-eskura du Ane Labakak ere; izan ere, atzo bigarren sailkatu zen 552 punturekin (Gaztelumendik baino 7,5 puntu gutxiago batu zituen). Haren atzetik sailkatu ziren: Nerea Elustondo (522,5 puntu), Asier Azpiroz (475,5 puntu), Oier Etxeberria (468,5 puntu) eta Eli Pagola (449 puntu).
Hurrena Zarautzen
Datorren igandean izango da hurrengo saioa, Zarautzen, Aritzbatalde kiroldegian. Honako sei bertsolari hauek izango dira agertokian: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Aner Peritz, Eneko Araiztegi, Eneritz Artetxe eta Unai Mendizabal. Sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke. Gainera, aurrez denak agortzen ez badira, kiroldegiko txarteldegian salduko dituzte saioaren aurretik.
Hirugarren eta azken finalerdia Arrasaten izango da abenduaren 1ean, igandez. Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maider Arregi eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan. Saio horretarako sarrerak honako lotura honetan eros daitezke.
Saio horiek igarota erabakiko da finaleko zortzikoa. Momentuz bertsolari bakar bat dago sailkatuta: Beñat Gaztelumendi. Gainerako zazpi bertsolariak zein izango diren datozen asteetan zehaztuko da. Finalerako sarrerak hemen eros daitezke.