Sendo jarraitzen du Biele ISBk etxean

Andoni Elduaien 2024ko aza. 18a, 09:03

Kevon Lamar Godwin jokoa antolatzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Iñaki Merinoren gizonak garaipenaren bidera itzuli dira, atzo, igandea, Melilla Ciudad del Deporte taldearen aurka garaipena eskuratuta. Ierai Aizpitartek maila handia erakutsi zuen, beste behin. Emakumeek, bestalde, jipoi handia jaso dute Zamoran (Espainia).

Biele ISBk denboraldiko laugarren garaipena eskuratu zuen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Iñaki Merinorenek beste lehia estu bat kudeatu behar izan zuten Melilla Ciudad del Deporte taldearen aurka; aurreko lehia itxietan jasotako ikasgaiei esker, garaipena lortu zuten otsoek.

Azkoiti-Azpeitiko taldeak eta Melillakoak (Espainia) laurdenetako garaipenak banatu zituzten; kanpoko taldeak aurreneko laurdenean eta hirugarrengoan nagusitu zen, eta etxekoa bigarrenean eta azkenekoan. Lehen laurdena bera ere bi zatitan banatu zuten; lehen minutuetan ISB nagusitu zen kantxan, baina amaierara iristerako kanpokoek hartu zuten agintea; hala, markagailuan hiru puntuko errenta zabaltzera ailegatu ziren Melillakoak (17-20).

Bigarren laurdenean zortzi puntura ere aldendu ziren bisitariak, baina etxekoek 8-0 partziala egin zuten, eta atsedenaldirako lau minutu eskasen faltan aurretik jartzea ere lortu zuten (35-33). Ordea, aldageletara joan aurretik jokatu zituzten minutuetan bi aldeetan aritu ziren saskiratzeak txandakatzen, eta azkenean, 42-40 itxi zuten lehia.

Aldageletatik bueltan, parekotasuna gailendu zen Azpeitiko kiroldegian. Aurreneko minutuetan talde batek zein besteak lortzen zuen markagailuan aurrea hartzea, baina minutu batzuen ondoren, Merinorek hautsi zuten kantxako berdintasuna; zazpi puntura ere urrundu ziren otsoak. Nolanahi ere, Melillakoek hortzak estutu zituzten defentsan, eta etxekoen puntu iturria itxita, puntu bateko desabantailarekin amaitu zuten laurdena (63-62).

Azken laurdenaren hasieran, kanpoko taldeak esku eskura izan zuen lehia erabakitzeko abagunea, baina ISB partidan sartu zen berriz, eta beste behin 8-0 partziala eskuratu zuten, markagailuan aurretik jarriz. Etxekoek hartu zuten jokoaren ekimena, eta amaierara bidean nagusi izan ziren. Zortzi-bederatzi punturaino ere alde egin zuten Merinorenek, nahiz eta akaberan hiru puntugatik irabazi (85-82).

Beste behin, Ierai Aizpitarte jokalari azpeitiarraren lana nabarmendu zen. Hura izan zen ISBren motorra atzo, etxeko joko antolatzaileak 29 puntu saskiratu zituen eta 28 puntuko balorazioa erdiesteko. Sendo jarraitzen du etxean Biele ISBk; Caceresen aurka galdu zuenetik, ligan jokatutako partida guztiak irabazi ditu etxean. Datorren asteburuan, atseden astea izango dute ISBko gizonek; hurrengo lehia azaroaren 30ean (19:30) jokatuko dute Clinica Ponferrada SDP taldearen aurka, Ponferradako (Espainia) Lydia Valentin pabiloian. Garaipenetan berdinduta dauden bi talde arituko dira nor baino nor gehiago.

Biele ISBko jokalariak zaleen aurrean garaipena ospatzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Klubaren 50. urteurren ekitaldien barruan, ISB klubean aritutako lagunak omentzen ari da, eta horretarako, etxeko partidak baliatzen ditu Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Atzo, Kepa Ibarzabal omendu zuten klubean egindako lanagatik eta ibilbideagatik. Jon Arozenaren eskutik jaso zuen hark oroigarria.

Ibarzabal, ezkerrean, eta Arozena, eskuinean.

Jipoi handia Zamoran

Domusa Teknik ISBk, bestalde, kolpe latza jaso zuen zapatuan, Zamoran (Espainia). Luis Agirreren taldeak 100-55 galdu zuten Recoletas Zamora taldearen aurka. Lehen laurdenean eutsi zion soilik ISBk sailkapeneko bigarrenari; gainontzeko hiru laurdenean ia-ia puntuetan bikoiztu egin zuten etxekoek Azkoiti-Azpeitiko taldea.

Saskiratzaileei dagokionez, Julie Dacosta izan zen ISBko onena, hamahiru puntu lortuta. Dena den, Victoria Llorente izan zen otsoetan onena, hamabi puntuko balorazioarekin. Etzi, asteazkena, duela bi asteburu atzeratuta gelditu zen partida jokatuko dute emakumeek Azkoitiko Elkargunean, 20:00etan. Alter Enersun Al-Qazeres taldea izango dute arerio orduan. Asteburuan ere etxean arituko dira Agirrerenak; La Cordá de Paterna NB izango dute aurkari zapatuan (18:00), Azkoitiko Elkargunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide