Etxetik kanpo berdinketa eta porrota, Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 18a, 16:33

Lagun Onakeko jokalariak berdinketa ospatzen, atzo, Aretxabaletan. (Lagun Onak)

Gizonek puntu bat eskuratu zuten Aretxabaletan (1-1), baina emakumeak esku hutsik itzuli ziren Tolosatik (2-0).

Uzta xumea utzi du futbol asteburuak, puntuei dagokienez, Lagun Onaken talde nagusientzat. Etxetik kanpo aritu ziren bai Espainiako Hirugarren Mailako taldea, bai Ohorezko Erregionalekoa: gizonek puntu bat eskuratu zuten Aretxabaletan (1-1), baina emakumeak esku hutsik itzuli ziren Tolosatik (2-0).

Sailkapeneko laugarren eta bosgarren sailkatuak aurrez aurre izan ziren atzo Aretxabaletako Ibarra zelaian (Gipuzkoa) eta puntu banarekin bukatu zuten lehia; Eibarrek aurrea hartu die biei eta, ondorioz, 11. jardunaldiaren ondoren, bosgarren eta seigarren postuetan daude, hurrenez hurren, Aretxabaletako UDA eta Lagun Onak. Lehen zatian ez zuen aurpegirik onena erakutsi Azpeitiko taldeak. Gainera, ordu laurdena bete aurretik markagailuan atzetik jarri zen Riberaren eta Saizarren taldea, Aritz Amenabarrek 14. minutuan bere atean gola egin ondoren. Lehen zatiko azken zatian hasi zen pizten Lagun Onak, eta bigarren zatiak ez zuen lehenengoarekin zerikusirik izan. Azpeitikoen jokoa asko hobetu zen, erasoan min egiten hasi zen Lagun Onak; kontrara, etxekoek behera egin zuten 65. minututik aurrera. Berdintzeko merituak egiten ari zen Lagun Onak, eta 69. minutuan iritsi zitzaion saria: Xabi Gereta kapitainak egin zuen markagailua berdintzeko gola, Jagoba Erdoziak hasi eta Alex Letamendiak jarraitutako jokaldia burutuz. Bigarren gola egin eta markagailua iraultzeko aukerak ere izan zituen Lagun Onakek, baina neurketa bukatzeko hamar minutu falta zirela bigarren txartel horia erakutsi zion arbitroak Aimar Leundari. Horrenbestez, bat gutxiagorekin aritu ziren bisitariak azken txanpan, eta aurkari zail baten etxean lortutako puntuarekin gustura bukatu zuten. Datorren zapatuan (17:00) Garmendipera itzuliko da Lagun Onak eta beste aurkari gogor bat izango du aurrean, sailkapeneko bigarren tokian dagoen Leioa.

Hona hemen Goiena Telebistak egindako partidaren laburpena, bideoan:

 

Ohorezko Erregional mailan antzua izan da asteburua Miren Arrondok gidatzen duen taldearentzat. Tolosako Berazubin (Gipuzkoa), ligako bederatzigarren jardunaldian, Tolosa Bk 2-0 irabazi zion Lagun Onaki; orain arteko laugarren porrota da atzokoa Lagun Onakentzat. Merezi gabeko zigorra jaso zuten Azpeitikoek. Partida hasieran, ez zirudien azken emaitza azkenean izan zena izango zenik. Izan ere, Lagun Onakek oso ondo ekin zion partidari eta gol aukera ugari izan zituen lehen zatian. Ate aurrean ez zuen asmatu, ordea, eta garesti ordaindu zuen hori: Tolosak 1 eta 0koa egin zuen 56. minutuan, izan zituen aukera bakanetako bat probestuta. Markagailua aldapan gora zuela, bere horretan jarraitu zuen Azpeitiko taldeak, jokoaren ekimenarekin eta aukerak sortzen, baina saririk gabe. Aitzitik, area ertzeko falta bat baliatuta, bigarren gola egin zuten Tolosakoek azken minutuan. Bederatzigarren postuan eta 11 punturekin jarraitzen du Lagun Onakek, sailkapenaren bigarren erditik beherako multzoan. Datorren asteburuan, sailkapenaren goikaldean dabilen Goierri Gorri hatuko du Arrondoren taldeak Garmendipen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide