Julen Lopetegi hirugarren sailkatu da Hegoafrikako ironmanean

Julene Frantzesena 2024ko aza. 19a, 08:27

Julen Lopetegi podiumaren eskuineko aldean, hirugarren postuan. (Azkoitri)

Bizkaiko Peñota Dental taldeko kideak lasterketa oso ona egin zuen Mossel Bayn, eta podiumeko hirugarren koskara igotzea lortu zuen.

Julen Lopetegi triatleta azpeitiarrak hirugarren egin du asteburuan Hegoafrikan jokatutako Ironman 70.3. proban. Bizkaiko Peñota Dental taldeko kideak lasterketa oso ona egin zuen Mossel Bayn, eta podiumeko hirugarren koskara igotzea lortu zuen.

Igeriketako zatian bigarren multzoan atera zen uretatik Lopetegi, aurrena zihoan Keegan Cooke kirolaria baino 3 minutu eta 44 segundo beranduago. Bizikletan, baina, izugarri indartsu aritu zen Lopetegi lehen kilometrotik. 90 kilometroak eginda, bigarren zihoan azpeitiarra, eta korrikako zatian James McCallumekin lehian arituta, hirugarren iritsi zen helmugara.

Matthew Ralphs irabazleak 04:02:20 denboran gauzatu zuen ironmana, eta Lopetegik hark baino zazpi minutu eta 28 segundo gehiago behar izan zituen (04:09:48). Bigarren sailkatu zen McCallumek, berriz, 4 ordu, bost minutu eta bi segundotan osatu zuen proba.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide