Azaroaren 28an egingo dute Oñatzen aurrekontu parte hartzaileak osatzeko bilera

Julene Frantzesena 2024ko aza. 20a, 07:45

Oñazko baseliza.

Elizako lokalean egingo dute bilera, 19:00etan. Bilera horrekin bukatuko du udalak 2025erako aurrekontuak osatzeko auzoz auzo egin duen bilera sorta.

Datorren urteko aurrekontuak osatzeko bilerak egin ditu udalak auzoz auzo, baina Oñatzen egitekoa zirena bertan behera utzi zuten. Erakundeak jarri du, baina, bilera egiteko data berria: azaroaren 28an, ostegunez, egingo dute Elizako lokalean, 19:00etan.

Oñatzen egingo duten bilerarekin bukatuko du udalak aurrekontuak osatzeko auzoetako bilera sorta. Izan ere, dagoeneko egin ditu bilkurak Alde Zaharrean, Lasaon, Loiolan, Elosiagan, Urrestillan, Aratzerrekan, Matxinbentan, Nuarben eta Landetan.

Gainera, bilera horiek ez ezik, herritarrek ekarpenak egiteko beste bide batzuk ere badituzte: herriko hainbat gunetan diren buzoietan nahiz azpeitia.eus udal webguneko Gardentasun atalean dute horretarako aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide