Etzi hasiko dira Landeta auzoan San Eloi jaiak ospatzen. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte lau egunetarako, hala nola mus txapelketa, bertso afaria, sagardo dastaketa, sokamuturra, kontzertuak, herri kirolak nahiz auzo bazkaria.
Ostegunean ekingo diete jaiei, Mendizabal erretegian jokatuko den XII. Mus Txapelketa azkarrarekin. Izena emateko epea 20:30ean zabalduko dute: hogei euro ordaindu beharko da bikoteko. Lehia, berriz, 21:30ean hasiko da. Sari potoloak izango dira jokoan; izan ere, bikote irabazleak 400 euro eta txapela eskuratuko ditu; txapeldunordeak 300 euro; hirugarren sailkatzen denak bi txakolin kaxa; eta laugarrenak, berriz, bi ardo kaxa.
Ostiralean jarraituko dute festan. Hain zuzen ere, Imanol Lazkano bertsolariari esker ona adierazteko bertso afaria egingo dute Mendizabal erretegian. Xabat Illarregi eta Iker Zubeldia ariko dira kantuan. Afaritarako sarrerak Mendizabalen eskura daitezke.
Asteburu oparoa
Zapatuan ekitaldi ugari izango dira goizean hasita. Aurreko eguneko ajeari aurre egiteko parada izango dute auzotarrek idien eta zaldien erakusketarekin nahiz Aburuza sagardotegiak eskainiko duen txotxarekin eta pintxoekin. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Lau Bide jatetxean, eta gero, sokamuturra izango da. Gero, 21:00etan, txerri boda egingo dute Landeta jatetxean, eta gauean, Zzpunk eta Ripers taldeen kontzertuak zein erromeria izango dira.
Festei ginga San Eloi egunez jarriko diete herritarrek; izan ere, igande eguerdirako ere egitarau oparoa prestatu dute. Lehenik, umeentzako poniak izango dira, Lopene ganadutegiaren eskutik, eta gero, herri kirol erakustaldia egingo dute. Hain zuzen ere, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Mikel Larrañagak eta Eneko Otañok aizkoran jardungo dute, eta Olaia Esnaolak, Udane Ostolazak eta Xabier Aranburu Guztak harri jasotzen. Erakustaldia gauzatzen ari diren bitartean produktuz betetako karretillaren zozketa egingo dute.
Jaiei bukaera Landeta jatetxean egingo duten auzo bazkariarekin emango diete landetarrek.
Egitaraua
Azaroak 28, osteguna
21:00. Mus Txapelketa azkarra Mendizabal erretegian.
Azaroak 29, ostirala
21:00. Imanol Lazkanori esker onez, bertso afaria Mendizabal erretegian.
Azaroak 30, zapatua
Goizean, idien eta zaldien erakusketa.
Goiz partean, Aburuza sagardotegiaren eskutik txotxa eta pintxo dastaketa.
14:00. Bazkaria, Lau Bide jatetxean.
17:00-19:00. Sokamuturra.
21:00. Txerriboda, Landeta jatetxean.
22:00. Zzpunk eta Ripers taldeen kontzertuak
Ondoren, erromeria.
Abenduak 1, igandea, San Eloi eguna
12:00. Poniak.
13:00. Herri kirol erakustaldia.
14:30. Auzo bazkaria, Landeta jatetxean.