Datozen bi ostiral arratsaldeetan erremonteak hartuko du Izarraitz pilotalekua

Iraia Oteiza 2024ko aza. 20a, 11:00

Ezkerretik eskuinera, Matxin III.a, Uterga, Zeberio II.a, Ion Oteiza udaleko kirol batzordeburua, Josemi Leatxe e-Remonteko burua, Ion, Mitxeo eta Agirrezabala. (Iraia Oteiza)

Azpeitiko Erremonte Txapelketaren 23. edizioa jokatuko dute. Ostiralean izango da lehen jardunaldia; aurreneko partidan Zeberio II.a-Otano eta Matxin III.a-Agirrezabala ariko dira aurrez aurre, eta bigarren partidan, Uterga-Mitxeo eta Otxandorena-Ion. Partida horietan erabakiko da azaroaren 29ko finala zein bikotek jokatuko duten. Izarraitz pilotalekuan izango dira jardunaldi guztiak, 19:30ean hasita.

Datozen bi ostiral arratsaldeetan erremonteak hartuko du Izarraitz pilotalekua, Azpeitiko Erremonte Txapelketa jokatuko baita han. Aurtengoa 23. edizioa izango da, eta atzo arratsaldean azaldu zituzten txapelketaren nondik norakoak, udaletxeko bosgarren solairuan egin zuten aurkezpen ekitaldian. e-Remonteko lau bikote lehiatuko dira aurtengo txapelketan, eta zortzi pilotarietatik hiru herrikoak dira: Ion Etxeberria, Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Igor Agirrezabala. Hirurak izan ziren atzoko aurkezpenean, txapelketan ariko diren Zeberiorekin, Utergarekin eta Mitxeorekin, Josemi Leatxe e-Remonteko buruarekin eta Ion Oteiza udaleko kirol batzordeburuarekin batera. Guztiek ere erremonteaz gozatzeko gonbita egin zieten herritarrei, azaroko azken bi ostiraletan frontoira azalduta.

Zeberio II.a-Otano, Matxin III.a-Agirrezabala, Uterga-Mitxeo eta Otxandorena-Ion dira, hain zuzen ere, txapelketan parte hartuko duten lau bikoteak. Hurrengo bi ostiraletan jokatuko dute txapelketa Izarraitz pilotalekuan. Ostiral honetan, finalaurreko bi partida jokatuko dituzte: Zeberio II.a-Otano eta Matxin III.a-Agirrezabala lehiatuko dira aurreneko partidan, eta Uterga-Mitxeo eta Otxandorena-Ion bigarrenean. Hurrengo ostiralean, berriz, azaroaren 29an, finalaurrekoetako bi bikote irabazleek jokatuko dute finala; halaber, finalaren aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute.

Txapelketaren bi jaialdiak 19:30ean hasiko dira Izarraitz pilotalekuan, eta sarrerak egunean bertan egongo dira eskuragarri pilotalekuko leihatilan. Bi jaialdietako irabazi guztiak Valentziara bidaliko dituzte, denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide