Sarekideen batzarra deitu du Zaparraiek azaroaren 27rako

Azpeitiko euskalgintzako hainbat lagunek iazko urriaren 30ean Basazabalen egindako bilera. (Zaparraie)

Basazabal jauregian izango da bilkura, 19:00etan. Aurten egindakoa eta 2025eko plana izango dira hizketagai nagusiak. Euskara taldearen sarekide izan nahi dutenek zaparraie@gmail.com helbidera idatz dezakete.

Zaparraie Azpeitiko euskara taldeak bere sarekideen urteko batzarra egingo du gaur zortzi, azaroaren 27an, Basazabal jauregian, 19:00etatik aurrera. Hain zuzen, 2024an egindakoa eta datorren urteko plana izango ditugu hizpide. Herritarren kontzientzia linguistikoan eta nazionalean eragitea, eta euskararen erabilera sustatzea dira Zaparraieren helburuak, eta horri erantzuteko asmoz izan da taldearen aurtengo jarduera. Ildo beretik jo nahi da 2025ean; ahal dela, sakonduz.

Iazko abenduan sortu zen Zaparraie. Pixka bat lehenago, urriaren 30ean, Azpeitiko euskalgintzako ia 30 lagunek bilera bat egin zuten Basazabalen, euskara taldea behar zen ala ez erabakitzeko, eta baiezkoa atera zen.

Hilabete hauetan guztietan Zaparraiek bere jarduerari buruz informatuta izan ditu sarekideak, hileroko komunikazio oharren bidez. Azaroaren 27ko batzarrean hainbat gaiz bertatik bertara hitz egiteko aukera izango da.

Sarekide izan nahi?

Edozein herritarrek du Zaparraie euskara taldearen sareko kide izateko aukera.

  • Ez dago kuotarik.
  • Gure asmoak martxan jarri aurretik, sarera bidaltzen dugu informazioa, eta ekarpenak-eta egin daitezke.
  • Bestelako informazioa ere bidaltzen dugu. Bidalketak: neurrian eta motzean.
  • Gure ekinbideetara (ahal bada) azaltzeko konpromisoa agertzen du sarekideak.
  • Sarekide izan nahi baduzu, idatzi zaparraie@gmail.com helbidera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide