Asteburuko astindua ahazteko garaipena lortu du Domusa Teknik ISBk Al-Qazeresen aurka

Andoni Elduaien 2024ko aza. 21a, 09:34

Jamia Alexis Hollings erasoko jokaldi bat amaitzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Azken laurdenean egindako lan onari esker lortu du Luis Agirre entrenatzailearen taldeak sasoiko hirugarren garaipena pilatzea. Etzi, zapatua, La Cordá de Paterna NB izango dute aurkari, Azkoitiko Elkargunean.

Domusa Teknik ISBk denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuen atzo, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean. Luis Agirre Katxi entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak 65-60 hartu zuen mendean Caceresko (Espainia) Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldea. Azken laurden on bati esker lortu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak aurkaria menderatzea. 50. urteurreneko ekitaldien artean, klubean egindako ibilbidea eskertu eta aitortu zion atzo ISBk Julian Olanori; Jose Miguel Etxanizen eskutik jaso zuen hark oroigarria.

Olano, ezkerrean; Etxaniz, eskuinean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Bisitariek beraien jokoa boladaka erakutsi zuten lehen laurdenean, baina haiek hartu zuten aurrea markagailuan. Ordea, saskipean nagusi izan zen ISB, otsoak nagusitu baitziren erreboteak pilatzerako orduan. Hala lortu zuten etxekoek lehia iraultzea, zazpi puntuko partziala lortuta. Kanpoko taldeari kostatu egin zitzaion puntuak pilatzea, ISBk iturria itxi baitzion defentsako lan on bati esker. Gainera, jokaldiz jokaldi tartea handitzen hasi zen ISB —20-10 irabazten joan zen une batean—. Egoera ikusita, ordea, zonakako defentsa jarri zuen Caceresko taldeak, eta orduan lortu zuten otsoen oldarraldia etetea; azkenean, 23-19 amaitu zen lehen laurdena.

Bigarren laurdenean, bisitariek aurrea hartu zuten markagailuan. Epaileek ISBri adierazitako falta pertsonal eta teknika banari esker jarri zen irabazten Al-Qazeres. Halaber, etxekoek zenbait unetan ez zuten lortu defentsan errebotea ixtea. Dena den, Caceresko taldea ez ze gehiegi urrundu markagailuan, eta haien minutu onak agortuz joan ziren pixkanaka-pixkanaka. Lehia 31na berdinduta ailegatu zen atsedenaldira. 

Atsedenaldiaren ondoren, kanpokoek bi hiruko saskiratu zituzten eta segituan lortu zuten errenta (31-37). ISBko Agirre entrenatzaileak partida gelditu behar izan zuen orduan; izan ere, bisitariek atsedenaldiaren osteko aurreneko minutuetan jokatu zituzten minutu onenak. Al-Qazeres bederatzi puntura ere joan zen markagailuan, batetik, ISB saskiaren aurrean kamuts agertu zelako, eta bestetik, hainbat jokalditan etxekoek baloiak galdu zituztelako. Azkenean, baina, otsoek haginak erakutsi zizkieten aurkariei, eta laurdena 43-48 itxi zuten.

Lehia zabal-zabalik ailegatu zen azken laurdenera. Ordura arte bi aldeek erakutsitako gorabeherak ikusita, zaleek ez zuten garaile argirik ikusten; hori horrela, guztia eman behar izan zuten bi taldeek irabazteko. ISBk bere bertsiorik onena erakutsi zuen orduan. Di-da batean murriztu zuten Agirrerenek bost puntuko tartea, eta bisitarien entrenatzailea hutsarte bat eskatuta saiatu zen ISBren jokoa eteten. Nolanahi ere, ez zion askorako balio izan hutsartea eskatzeak hari; Azkoiti-Azpeitiko taldea markagailuan aurrea hartzeko gai izan zen. Ordea, etxekoek tarte bat zabaldu orduko ematen zuten erantzuna bisitariek, eta bi minutu eskasen faltan, bi puntura jarri ziren markagailuan (61-59). Agirreren taldeak ondo kudeatu zituen partidako azken segundoak, eta bideratuta zuen garaipena ziurtatzea lortu zuen lan ona eginda.

Amaieran, Domusa Teknik ISBk 65, Alter Enersun Al-Qazeres Extremadurak 60. Sasoiko hirugarren garaipena eskuratu zuen hala Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta orain, sailkapeneko hamargarrena da. Juana Maria Molina izan zen atzo ISBko jokalari onena, hamabost puntu saskiratuta eta hogei puntuko balorazioa eskuratuta. Etzi, zapatua, jokatuko dute 9. jardunaldiko partida; 18:00etan hasita, La Cordá de Paterna NB izango dute aurkari, Azkoitiko Elkargunean.

ISBko emakumeak garaipena ospatzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide