Gipuzkoako EAJren Lurralde Batzarrak atzo iluntzean izendatu zuen Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidente, eta Gipuzkoako EAJren zuzendaritza osatuko duten beste hamalau kideak atzo izendatu zituzten.
Joseba Egibarren lekukoa hartuko du Arrizabalagak, eta GBB zuzenduko duen lehen emakumea izango da. Gainera, GBBko gainerako hamalau kideetatik zortzi berriak izango dira. Burukide karguan jarraituko dutenen artean da, esaterako, Idoia Elorza azpeitiarra. Ibilbide luzea egin du Elorzak GBBn, lehen aldiz 2004. urtean aukeratu baitzuten batzar horretako kide.
Elorzarekin eta Arrizabalagarekin batera, honako hamahiru kide hauek osatuko dute Gipuzkoako EAJren zuzendaritza datozen urteetan: Itxaso Agirre, Imanol Lasa, Saioa Bandres, Juan Ramon Baztarrika, Ane Beitia, Edurne Egaña, Jon Ander Azpiroz, Mari Jose Etxegoien, Imanol Goenaga, Xabier Insausti, Gorka Ocio, Jon Olano eta Olatz Peon. Horietatik zortzi lehen aldiz izango dira GBBko kide.