Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a. Aurten ere, indarkeria matxista jasan duten hainbat emakume artatu dituzte Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Gizarte Zerbitzuetako datuez gain, udalak Udaltzaingoaren eta Emakumeen Txokoaren datuak ere jasotzen ditu, urtearen amaieran txosten bateratua egiteko. Horregatik, aurtengo azarora arteko datu orokorra eman du udalak, balantzea urte amaieran egiten duelako.
2024ari dagokionez, Azpeitian 22 emakume artatu dituzte orotara orain arte udal zerbitzuetan. Iaz, 34 izan ziren. Joan den urteari buruz, hainbat datu osagarri ere eman dizkio udalak Gukari: batetik, kasu gehienak genero indarkeriakoak izan ziren, hau da, bikote edo bikotekide ohiaregandik jasotakoak; %61 izan ziren horiek. Dena den, familiarteko indarkeria, sexu indarkeria eta jazarpen sexista kasuak ere artatu zituzten udal zerbitzuetan. Bestetik, biktimen erdiek baino gehiagok jarri zuten salaketa, 34tik 21ek. Adinari dagokionez, 18 eta 30 urte bitarte zituzten gehienek; jatorriari dagokionez, nahiko parekatuta daude Euskal Herrian, Espainiako Estatuan zein beste herrialde batzuetan jaiotakoen kopuruak.
Indarkeria matxista salatzeko, hainbat mobilizazio
Asteburuan hasi zituzten Azaroaren 25ari lotutako ekintzak Azpeitian; izan ere, Urola Erdiko Itaiak larunbatean egin zituen indarkeria matxista salatzeko hainbat ekintza. Dena den, gaur ere izango dira errealitate hori gaitzesteko ekitaldiak.
Batetik, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deiarekin bat eginez, elkarretaratzea izango da plazan, 18:00etan hasita, Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelepoean. Mugimendu Feministak azpimarratu duenez, herritar denek –bereziki gizonek– ardurak hartzeko garaia da, eta protestetarako hautatu duten leloa ere ildo horretatik sortu dute. "Gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko; zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete". Halaber, hedabideetan ere jarri dute arreta, batzuetan horiek emakumeei botatzen dietelako errua eta kasuen xehetasun "morbosoak" ematen dituztelako. "Babesteko izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko, gorputzak kontrolatzeko bidea ere badira". Bortxa matxista jendartean guztiz zabalduta dagoela ere adierazi dute, "erabat normalizatuta" daudela "bortxaketak, beldurra, hilketak...". Horrek erro bakar bat duela esan dute: "Sistema heteropatriarkalak, kapitalistak eta kolonialak forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko".
Bestetik, ordubete geroago, 19:00etan, beste elkarretaratze bat izango da, Itaiak deituta, plazan. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelopean egingo dute mobilizazioa.