Iraurgi ikastetxeak eta Gautenak Boronda-tea proiektua aurkeztu dute jendaurrean

Iraia Oteiza 2024ko aza. 22a, 16:09

Martxan jarri berri duten proiektuaren gaineko xehetasunak azalduko zituzten atzo ikastetxeko nahiz autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkarteko kideek, Azoka Plazan egin zuten ekitaldian. Elkarlanaren hitzarmena sinatzearekin batera, mahai ingurua, olerki errezitala, eta kantu zein dantza emanaldiak eskaini zituzten elkarrekin.

Iraurgi ikastetxeak eta Gautenak (autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkartea) Boronda-tea proiektua jarri dute martxan, aukera berdintasuna eskaintzeko helburuz, eta horren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko Azoka Plazan.

Gautenako erabiltzaile diren Iñigori eta Ikerri ikastetxeko ateak ireki dizkiotela azaldu zuten Iraurgiko kideek han, aukera berdintasun hori eskaini ahal izateko. "Gizabanako orok amesten du besteek dituzten aukera berdinak izatearekin, norbere ahotsa errespetuz entzungo duen plaza batekin, beharrean dagoenean eskua luzatuko dion komunitate batekin, eta beldurrak, ametsak, ilusioak eta iritziak lasai eta konfiantzaz adierazteko inguru batekin".

Gautenako arduradunek adierazi zuten Azpeitiak "sekulako harrera" egin diola Gautenari eta "toki segurua dela oso bertako erabiltzaileentzat". Oso eskertuta azaldu ziren Iraurgik Iñigori eta Ikerri ikastetxeko ateak zabaldu izanagatik, "horrek euren bizitza goitik behera aldatu" duelako. "Egunero eginkizunak dituzte, ordutegi jakin bat bete behar dute, jendearekin hitz egiteko aukera sortzen zaie, herriko merkatariekin hartu-emanetan aritu behar izaten dute... Oro har, bizimodu normala eraman dezakete, beste edozeinek bezala", adierazi zuten. Hain zuzen ere, horretarako jarri dute martxan Boronda-tea proiektua. 

Elkarlanaren hitzarmena sinatu zuten atzo Iraurgi ikastetxeak eta Gautenak, mahai ingurua, olerki errezitala, eta kantu zein dantza emanaldiak eskaini zituzten ekitaldian. Azoka Plaza osorik bete zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide