'Doi_06' erakusketa zabaldu du Maider Azurmendik

Ihintza Elustondo 2024ko aza. 23a, 09:00

Artistak bere ibilbideko hiru etapatan sortutako lanak bildu ditu Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Abenduaren 8ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Doi_06 erakusketa zabaldu zuen atzo, ostiralez, Maider Azurmendi artistak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Bere ibilbideko hiru etapatan sortutako lanak bildu ditu han.

Hark azaldu duenez, pandemia garaikoak dira lan gehienak, eta pieza horien bidez, ikusleak sorkuntza prozesuak duen garrantziaz jabetzea nahi du: "Pandemia garaia trauma bat izan zen jende askorentzako, baina nik zortea izan nuen, lanerako leku bat nuelako. Hori dela eta, beste era batera pasatu nuen fase hura". Garai hartan sortutako lanekin "arteak izan dezakeen onura" azaldu nahi du, eta edozeinek egin dezakeen zerbait dela; hori adierazten duten pieza batzuk daude erakusketan.

Bestalde, zeramikako masterra egiten ari zela osatutako sorkuntzak bildu ditu. "Aurreko etapan zakarretarako materiala baliatu nuen sortzeko: beira, kartoi zaharrak, arropa zaharrak... Baina etapa honetako lanen kasuan, zeramika, buztin ezberdinak eta portzelana baliatu ditut; ondoren, animalien ilearekin lotu ditut lanak", esan du artistak.

Artilearekin lantzen ari dena da hirugarren eta azken etapa; "etapa berri bat", Azurmendiren esanetan. Fase horretako pieza bakar bat dago erakusketan: "Artilea hartu, garbitu, tindatu eta gero oihalgintzako teknika ezberdinekin piezak sortzen didut; adibidez, puntuan egindako pieza bat dago erakusketan", adierazi du.

Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara, bisitatu ahal izango da erakusketa, abenduaren 8ra bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide