Azpeitiko 23. Erremonte Txapelketari ekin zioten atzo, ostiralez, Izarraitz pilotalekuan. Atzoko jaialdian, finalaurreko bi partida jokatu zituzten: Zeberio II.a-Otano eta Matxin III.a-Agirrezabala lehiatu ziren aurreneko partidan, eta Uterga-Mitxeo eta Otxandorena-Ion bigarrenean.
Lehen partidan, Matxin III.a eta Agirrezabala izan ziren nagusi, aurkariei 25 eta 35 irabazita, eta beraz, finalerako txartela eskuratu zuten herriko bi erremontistek. Bigarren neurketan, berriz, Uterga eta Mitxeo gailendu ziren, 35 eta 28 irabazi baitzuten neurketa, eta, beraz, horiek jokatuko dute datorren asteko finala. Horrenbestez, Ion Etxeberria azpeitiarrak ez du lortu finalerako txartela.
Hurrengo ostiralean, azaroaren 29an, jokatuko dute finala Matxin III.ak eta Agirrezabalak Utergaren eta Mitxeoren kontra. Halaber, finalaren aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Zeberio II.ak eta Otanok Otxandorenaren eta Ionen aurka.
Datorren asteko jaialdia 19:30ean hasiko da Izarraitz pilotalekuan, eta sarrerak egunean bertan egongo dira eskuragarri pilotalekuko leihatilan. Bi jaialdietako irabazi guztiak Valentziara bidaliko dituzte, denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko.