Nuarben auzo lokal berria prestatzen ari dira, eta zabaltzeko ia prest dago gunea. Inaugurazio ofiziala egin aurretik, baina, jai giroko ekitaldi bat egin zuten han atzo, ostiralez. Azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna izan zen atzokoa, eta Kantujira taldekoek ez zuten hutsik egin musikarien egunean.
Beste urteetan Nuarbeko sokatirako museoan elkartzen dira Kantujira taldekoak Santa Zezilia egunez, eta ondoren, soziedadean egin ohi dute afaria. Baina, aurtengoan, lokal berrian egin dute ekitaldia. Hogei lagunetik gora elkartu ziren han, eta euskal abestiak lau haizetara zabaltzeaz gain, afariarekin borobildu zuten juntadizoa. Gaztaina jana ere egin zuten, giro ederrean.