Une honetan ari dira jokatzen Azpeitiko Udazkeneko III. Klasika, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta. Goizean zehar Azpeitiko epaitegiko plazan elkartu dira lasterketako parte hartzaileak, eta 11:00etatik aurrera banan-banan irten dira auto klasikoak, minutu erdiko aldearekin. Orotara 55 auto klasiko atera dira epaitegitik, tartean Azpeitiko 17 bikoterenak eta Azkoitiko beste hirurenak.
Epaitegiko plazatik abiatu eta Urrakiko mendatean barrena 20 kilometro egin dituzte auto klasikoek aurrena, ondoren Berastegitik igaro eta Uitzitik barrena Lekunberrira iristeko. Han 25 minutuko atsedenaldia egin dute parte hartzaileek. Jarraian, Aralarren 26 kilometro eta erdi korrituko dituzte, eta goizeko jardunaldia Etxarri Aranatzen amaituko dute, bazkaltzeko geldialdia eginez. Arratsaldean, Urbasatik igaro eta Agurainera joango dira aurrena, eta erlojupeko hurrengo ibilbideak Lizarrustin eta Mandubian barrena egingo dituzte. Handik Azpeitiko epaitegiaren plazara itzuliko dira, 19:00ak aurretik.
Parte hartzen diharduten auto gidari gehienak Gipuzkoakoak dira, baina badira tartean Arabakoak, Bizkaikoak eta Nafarroakoak ere. Autorik zaharrenak, 1970. urteko Porsche 911T-a eta urte bereko Alpine A110-a dira; aurrena Jose Antonio Araneta ari da gidatzen, Iñaki Orbegozo kopilotu duela, eta bigarrena Jagoba Agirre, Ekaitz Etxeberria alboan duela.