Hamabi baserritako sagardoa dastatzeko aukera izan da Loiolako Sagardo Egunean

Iraia Oteiza 2024ko aza. 23a, 14:33

Eguraldia lagun, jende multzoa batu da gaur Loiolako Sagardo Egunean. Orotara, dozena bat etxetan egindako sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek, eta gazta nahiz txorizo egosiaren pintxoak ere jan dituzte. 

Loiolako Festa Batzordeak antolatutako sagardoaren bueltako festa ospatu dute eguerdian Loiolan, basilikaren aurrean. Auzoko 11 etxetan egindako sagardoa dastatzeko aukera izan da han, eta hamabigarren sagardogilea antolatzaileek gonbidatutakoa izan da.

Beraz, denera, hamabi etxetako sagardoa dastatzeko aukera izan dute herritarrek: Urruzuno, Iturbide, Iturgain, Agite 1, Agite 2, Etxearreta, Kitterra, Askiola 1, Askiola 2, Azkune, Egurtza eta Lepasoro Ibarrola gonbidatu berezia. Antolatzaileek azaldu zuten "Azpeitiko sagardogile bat" izango zela aurtengo gonbidatua, baina gaur arte isilean gorde dute gonbidatu bereziaren izena.

Eguraldia lagun, jende multzo polita bildu da Loiolan sagardoa dastatzera eta gazta nahiz txorizo egosiaren pintxoak jatera. 

Loiolako Sagardo Egunaren laugarren aldia izan da aurtengoa. Izan ere, aurrenekoa 2017an antolatu zuten, eta ordutik, 2019an eta 2022an egin dute jai hori auzoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide