Haize bolada indartsuak zeuden iragarrita gaur goizerako, eta aurreikuspen guztiak bete dira. Euskal Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarria zuen 06:00etatik 15:00ak bitarte, eta segurtasuna bermatzeko, udalak itxi egin ditu Loiolako lorategiak ordu tarte horretan.
Horrez gain, Udaltzaingoak hedabide honi jakinarazi dionez, hainbat kalte eragin ditu haizeak Azpeitian. Hain zuzen ere, Sistiaga Errekako bidean zuhaitz bat erori da, eta errepidea itxi behar izan dute. Gainera, beste zuhaitz bat erori da Aratzerrekan, eta han ere bidea oztopatu du zuhaitzak. Guztira, hamar bat intzidentzia jaso ditu gaur goizean Udaltzaingoak.
Dagoeneko igaro da alerta laranjaren ordu tartea, eta haizea bareago dabil.