Puntu banarekin konformatu behar

Nerea Uranga 2024ko aza. 25a, 12:51

Lagun Onak Leioaren kontra, larunbatean, Garmendipen. (Lagun Onak FT)

Lagun Onakeko bi talde nagusiek etxean jokatu dituzte azkenengo jardunaldiak. Biek zapatu arratsaldean, eta biek puntu bana eskuratu dute.

Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiek larunbat arratsaldean jokatu zituzten aurreko jardunaldiak, eta biak etxean. Biak gainera berdinketarekin konformatu behar izan zuten.

Espainiako gizonen futboleko Hirugarren Mailako Lagun Onakek etxean jokatu zuen larunbatean Leioaren kontra. Elkarrenganako errespetu handiz jokatu zuten bi taldeek, eta bietako defentsak aurrelariak baina hobeto aritu ziren. Lagun Onakek partidaren lehen zatian izan zituen aukerak, baina Leioako atezainak lan ona egin zuen. Azkenean, sailkapenean bigarren postuan dagoen Bizkaiako taldearen kontrako norgehiagokan ez zen golik ikusteko aukerarik izan Garmendipen, 0 eta 0 bukatu zelako partida.

Leioarekin Lagun Onakeko bi jokalari ohi izan ziren Garmendipeko zelaian, Alain Lete eta Ibai Xala.

Datorren jardunaldia, hamahirugarrena, etxetik kanpo jokatuko dute Jose Luis Riberaren gizonek, Basconiaren kontra.

Emakumeek ere berdinketa

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek, 1 eta 1 egin zuen Goierri Gorriren kontra. Partida hasieratik bertatik aldapa gora jarri zitzaien; etxekoek beren atean gola sartu zuten, 10. minutuan. 0-1 markagailuan izan arren, lehen zatian parekatu samar ibili ziren bi taldeak, eta 40. minutuan Eneritzek kontrarioen atean gola sartu zuen. Hala, atsedenera berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren zatian, Lagun Onak kontrakoen atean aukera gehiago izan zituen, baina golik sartzerik ez zuten lortu, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen.

Datorren asteburuan Intxaurdiren kontra jokatuko du emakumeen talde nagusiak etxetik kanpo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide