Santa Luzia egunez, festa giroa izango da nagusi Elosiagan

Julene Frantzesena 2024ko abe. 9a, 08:00

Santa Luzia egunez 2019an egin zuten bazkariko irudia.

Meza, hamaiketakoa, herri kirol erakustaldia, bazkaria eta kantu zaharren afaria egingo dituzte ostiralean. Festaz gozatzeko aukera izango dute egun osoan zehar Elosiagako auzotarrek.

Ostiralean, Santa Luzia egunez, festan murgilduko dira Elosiagako nahiz inguruko bizilagunak. Meza, hamaiketakoa, herri kirol erakustaldia, bazkaria eta kantu zaharren afaria egingo dituzte egun osoan zehar.

Auzoko baselizan egingo duten mezarekin hasiko dute eguna, eta ondoren, auzotarrentzako doako hamaiketakoa izango da Añota sagardotegian. Ondoren, herri kirol erakustaldia eskainiko dute Udane Ostolaza eta Jon Unanue Goenatxo III.a harri jasotzaileek nahiz Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.ak. Sustrai Colina eta Joanes Illarregi ariko dira bertsotan, eta Lidia eta Itzeder, berriz, trikitiz giroa alaitzen.

Sabela betetzeko aprobetxatuko dute eguerdi partea auzotarrek. Izan ere, Añota sagardotegian egingo dute bazkaria, bertsolariek eta trikitilariek girotuta. Gauean, berriz, kantu zaharren afaria izango da Añotan bertan, Angel Mariezkurrenarekin, Beñat Mitxelenarekin eta Aitor Ibarra Jalixkorekin. Afaritarako aurrez izena eman beharko da, 943-81 20 92 telefono zenbakira deituta. 35 euro ordaindu beharko da afaria.

Ostirala, Santa Luzia eguna

11:30. Meza.

Ondoren, auzotarrentzat hamaiketakoa, Añota sagardotegian.

12:30. Herri kirol erakustaldia, bertsolariekin eta trikitilariekin.

14:00. Bazkaria, Añotan, bertsolariekin eta trikitilariekin.

20:30. Kantu zaharren afaria, Añotan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide