Santio egunean plazan erretako txekorrarekin zein Ardo Dastaketa Egunean txorizo salmentekin bildutako dirua Hego Amerikan eta Afrikan bultzatzen ari diren hiru proiektutara bideratuko du Azpeitiko Misio Taldeak. Izan ere, taldeko boluntarioak aritzen dira txekor zein txorizo pintxoak saltzen egun horietan, bildutakoa garapenera bidean dauden herrialdeetako proiektuetara bideratzeko. Aurtengoan, orotara 7.500€ bideratuko dituzte elkartasun proiektuetara.
Guatemala hirian bazterkeria arriskuan dauden gazteentzat heziketa proiektu bat martxan jartzera, Burundiko kooperatibetan lanean diharduten emakume baserritarrei laguntzera, eta Kilimanjaroko Moshi herrixkan dagoen haurrentzako eskolaren proiektuaren jarraipena egitera bideratuko ditu Misio Taldeak aurtengo irabaziak.
Taldeak eskerrak eman dizkie herritarrei eta Azpeitiko Udalari aurtengoan ere bildutako dirua elkartasun proiektuetara bideratzeko aukera emateagatik.