Aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sariak atzo iluntzean banatu zituzten Andoainen (Gipuzkoa), eta Edurne Agirre azpeitiarra izan zen Bastero kulturguneko agertokira saria jasotzera igo zenetako bat.
Bi sari nagusi banatu zituzten Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik aurkeztutako ekitaldian. Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria jasotzeko launa hautagai ziren aurtengo edizioan, eta hurrenez hurren, Maite Asensio, Amaia Igartua eta Isabel Jaurena kazetariek Berria hedabidean argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sorta nahiz Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektua saritu zituzten. Elkarte horretako kide da Edurne Agirre azpeitiarra, eta saria jasotzen izan zen atzo Basteron, beste hainbat kiderekin batera.
Rikardo Arregi kazetaritza sarien ohorezko mugarria saria ere eman zuten atzo: Ana Galarraga zientzia dibulgatzaile zarauztarrari eman diote saria.