DYArekin batera emakumeen osasuna lantzeko zikloa antolatu du Azpeitiko Emakumeen Txokoak. Jardunaldi horien barruan, nutrizioaz eta emakumeen metabolismoaz hitz egiteko solasaldia antolatu dute abenduaren 4rako (asteartea), 18.30ean, Emakumeen Txokoan.
Nutrizioa eta emakumeen metabolismoa, nola aurre egin gorputzaren aldaketei denborak aurrera egin ahala da hitzaldiaren izenburua, eta DYAko kideak ariko dira hizlari. Aldaketei aurre egiteko elikadura osasuntsuari buruz hitz egingo dute.
Euskaraz izango da saioa, eta emakumeentzat bakarrik izango da. Hitzaldira joateko abenduaren 2rako izena eman behar da Emakumeen Txokoan edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta.
Aurrez emakumeen osasuna lantzeko zikloaren barruan, beste bi saio ere egin dituzte DYAkoek emanda: bata, bularreko minbiziaren prebentzioaz eta hautemate goiztiarraz izan zen, eta bestea, garapen afektibo-sexualaz. Elikaduraren inguruan egingo duten saioa zikloko azkena izango da.