Aurtengo Gabonetarako ere, haurrentzako eta nerabeentzako ekintzak prestatu ditu Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak, ludotekek eta Gaztelekuak antolatuta. Batekoek zein bestekoek abenduaren 23an, 26an eta 27an egingo dituzte ekintzak.
Ludoteketako haurrek (5-12 urte artekoek) abenduaren 26an egingo dute egunpasa, eta abenduaren 23an eta 27an goizez aisialdiko ekintzak izango dituzte. Ekintzetan parte hartzea 15 euro kostako da, eta izen-ematea online egitea lehenetsiko dutela azaldu dute. Horretarako, honako formulario hau bete beharko dute gurasoek, eta esteka honetan daude ordainketa egiteko jarraibideak. Gazte Informazio Bulegoan izena emateko aukera ere egongo da. Izena emateko epea abenduaren 10ean bukatuko da.
Gaztelekukoek (13-18 urte artekoek) abenduaren 23an egunpasa egingo dute, Donostiako Txuri-Urdin izotz pistara. Abenduaren 26ko eta 27ko ekintzak, berriz, Gaztelekuan bertan egingo dituzte nerabeekin adostuta. Egunpasan parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dituzte nerabeek, eta izena emateko formulario hau bete beharko dute. Gainontzeko bi egunetako Gaztelekuko ekintzak doan izango dira. Izena abenduaren 10a baino lehen eman beharko da kasu honetan ere.
Zalantzaren bat dutenek edota informazioa jasotzeko 943-15 71 61 edo 943-15 71 60 telefonoetara deitu daiteke edo idatzi mezu elektronikoa gazteria@azpeitia.eus edo gib@azpeitia.eus helbide elektronikoetara.
Kirolaz Blai ekintza urtarrilaren 2an goizez izango dela aurreratu du udalak.