Azpeitiko Metal Boskoteak eta Euskal Herriko tuba komunitateak Gabon Tuba kontzertu berezia antolatu dute aurtengoan. Abenduaren 8an egingo dute musika saio solidarioa Azpeitian, 13:00etan, Jose Antonio Agirre plazan.
Kontzertuan parte hartzeko izen ematea doan da, eta parte hartzaileen hamaiketakoa Azpeitiko Metal Boskotearen kontu izango dela azaldu dute antolatzaileek. "Kontzertuan parte hartzeko kantak lau ahotsetara dira, oso errazak. Beraz, parte hartzera animatu nahi ditugu musikariak", esan du Jimenezek. Kontzertuan izena emateko edota diru ekarpenak egiteko aukera honako loturan dago. Kontzertuan parte hartu ezin dutenek, baina laguntzeko diru ekarpena egin nahi dutenek honako galdetegia beteta egin dezakete.
Aurtengo kontzertuan bilduko duten dirua Valentziako uholdeetan kaltetutako musika elkarteei laguntzeko izango da, aurreratu du Agustin Jimenez Azpeitiko Metal Boskoteko kideak: "Saio horren bidez lortutako diru guztia Espainiako tuba eta bonbardino elkarteak (AETYB) hasitako bilketara bideratuko dugu".
Euskal Herrian 2013tik
Gabon Tuba kontzertuak oinarria Tuba Christmas ekimenean du. "2013an sortu genuen Euskal Herrian Gabon Tuba kontzertua, eta lehen edizioa Donostiako Gipuzkoako plazan egin genuen. Hurrengo kontzertuak, berriz, Euskal Herriko hainbat tokitan izan dira: Donibane Lohizunen, Azpeitian, Angelun, Urnietan, Hendaian eta Zestoan. Kontzertuarekin nahi duguna da gure instrumentu maiteen soinua zabaltzea eta Gabonetako giroa musika bidez alaitzea", azaldu du kontzertuaren antolatzaile den Jimenezek.
Gabon Tuba saioak mundu osoko hirietan egiten dituzte, tuba familiako instrumentuak jotzen, irakasten edota horientzat musika konposatzen dutenei omenaldia egiteko. "Musika kontzertu honek tuba, sousafona, bonbardinoa eta eufonioa barnebiltzen ditu. Parte hartzaile batzuek, ordea, instrumentu arraroagoak ere eramaten dituzte kontzertuetara, hala nola helikona, ofikleidoa, serpentoia eta bi kanpai dituen eufonioa",. azaldu du Azpeitiko Metal Boskoteko kideak.
Gabonetako tuba kontzertuaren jatorria 1974 urtekoa da. Kontzertua orduko gabonetan sortu zuen Harvey G. Phillipsek bere maisua zen William Bell omentzeko. Lehenengo edizioa New Yorkeko Rockefeller Centerren egin zuten, 300 musikari baino gehiago elkartuz.