Pasaiako hilketa matxista salatu du Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2024ko abe. 1a, 12:21

Udaletxeko balkoian joan zen azaroaren 25ean.

Hildako emakumearen senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi die udalak. Gainera, hilketa salatzeko mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egin du erakundeak.

Gizon batek bikotekide ohia hil zuen atzo Pasaian (Gipuzkoa), suzko arma batekin tiro eginda, eta Azpeitiko Udalak hilketa salatu du eta hildakoaren senitartekoei nahiz gertukoei elkartasuna adierazi die. Halaber, hilketa salatzeko mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egin du erakundeak.

Udalak gogorarazi duenez, urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den zazpigarren hilketa matxista da atzokoa, eta ozen adierazi du ez duela onartzen giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian, ez beste inon. Gainera, urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea herritarren ardura ere badela ohartarazi du erakundeak.

Emakumeen kontrako indarkeria "egiturazko arazoa" da udalaren aburuz, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen arazoa, eta indarkeria hori ez da "ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza". Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak gizartean aski errotuta daudela esan du erakundeak, eta salatu du horiek direla halako "ondorio larrien eta tamalgarrien" sortzaile. "Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea".

Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozialari irtenbidea bilatzeko lanean jarraituko duela adierazi du. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu".

Eraso matxistaren baten aurrean izanez gero, honako telefono hauetara dei daitekeela jakinarazi du udalak: 943-15 71 92 (Gizarte Zerbitzuak), 092 edo 943-15 13 13 (Udaltzaingoa), 688 75 10 00 (Emakumeen Txokoa) edo 112 (Larrialdi Zerbitzuak, Ertzaintza).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide