Giro ona eta jende ugari, Landeta festetako egun handian

Aitziber Arzallus 2024ko abe. 1a, 17:16

Goizean umeek ponietan ibiltzeko aukera izan dute, eta ondoren herri kirol erakusketaldia egin dute harri jasotzaileek eta aizkolariek. San Eloi eguna eta festak borobiltzeko, auzo bazkaria egin dute Landeta jatetxean.

Gaur San Eloi eguna, Landetako festetako egun handia izan dute, eta atzo bezala, gaur eguerdi partean ere asko izan dira auzora bertaratu diren herritarrak. 12:00etan hasita, ponietan ibiltzeko aukera izan dute 12 urtetik beherakoek, eta ordubete geroago, herri kirol erakustaldia izan. Hain zuzen ere, Olaia Esnaola, Udane Ostolaza, Xabier Aranburu Guzta eta Jon Unanue Goenatxo III.a aritu dira harri jasotzen, eta aizkoran, berriz, bikoteka aritu dira lehian: batetik, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otaño, eta bestetik, Mikel Larrañaga eta Martin Mendizabal. Jendetza egon da haiei begira.

San Eloi egunari eta festei bukaera borobila emateko, auzotarrek bazkaria egin dute Landeta jatetxean. Jatetxeko jangela goraino bete dute, eta giro ezin hobean bazkaldu dutela adierazi dute han izan direnek. Aurtengoak eginda, datorren urtera arte agurtu dituzte Landetako festak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide