Denboraldiko bosgarren garaipena lortu du Biele ISBk Ponferradan

Andoni Elduaien 2024ko abe. 2a, 10:16

Danrad Knowles ISBko jokalaria hasierako jauzia egiten. (Clinica Ponferrada SDP)

Gizonek irabazi egin zuten Ponferradan (Espainia), baina emakumeek ezin izan zuten gauza bera egin Esteponan (Espainia). Biele ISB sailkapeneko goiko postuetan sartu da, eta Domusa Teknik ISB erdian mantentzen da. Aste honetan Azkoitiko Elkargunean jokatuko dituzte partidak bai gizonek, bai emakumeek.

Iraurgi Saskibaloiaren lehen bi taldeak etxetik urrun aritu dira igaro berri den asteburuan, eta txanponaren bi aldeak ezagututa itzuli dira etxera. Biele ISBko gizonek 53-72 irabazi zuten zapatu arratsaldean Ponferradan (Espainia), eta Domusa Teknik ISBko emakumeek 81-57 galdu zuten Esteponan (Espainia).

Clinica Ponferrada SDP taldearen kantxan jokatu zuten gizonek, eta Ponferradakoen etxeko aurreneko porrota behartu zuten Iñaki Merinorenek. Durkariek baino askoz hobeto jokatzen jakin zuen ISBk, lehiaren hasieratik amaierara arte bere erritmoa ezarri baitzuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Nahiz eta etxekoen hasiera bikaina izan, ISB poliki-poliki hasi zen lehia iraultzen; 0-7 partzial bati esker, markagailuari buelta eman zioten Merinorenek. Aldea ia hamar puntura ere luzatu zuten gero haiek, epaileek falta ugari adierazi zizkioten eta etxeko taldeari; Merinorenek jaurtiketa libreen bidez tantaz tanta handitu zuten tartea. Gainera, Matthew Herasmek minutu onak erakutsi zituen aurreneko laurdena ixteko (12-21).

Bigarren laurdenean hamar puntuko langa hautsi zuen ISBk, eta atzean sendo nahiz erasoan zital arituta, partziala 11 punturaino igo zuen. Dena den, etxekoek ondorengo minutuetan defentsan egindako lanak ISBren eskemak haustea ekarri zuen. Zati horretan Ponferradako taldea nagusitu zen kantxan, partidako minutu onenak orduan eskaini zituzten-eta etxekoek. Bigarren laurdenaren erdira arte sufritu behar izan zuten otsoek etxekoen oldarraldia. Ordea, Merino entrenatzaileak hutsartea eskatu eta partidari berrekin zion Azkoiti-Azpeitiko taldeak. 25-26 erakusten zuen markagailuak hutsartearen garaian, baina ISBkoek reset botoiari sakatu zioten, susperraldiari ekiteko. Hiruko lerrotik bota ahala asmatu zuten otsoek atsedenaldira bitartean, eta defentsan uztaia zigilatu zuten. Hala, 25-36 amaitu zen partida.

Ponferradako taldeak indartsu ekin zion hirugarren laurdenari, baina Aizpitarteren fintasunak eta talentuak itzali zituen haien argi izpi guztiak. Esaterako, batetik, bi hiruko saskiratu zituen azpeitiarrak, eta bestetik, jokaldi dotorea lotu zuen Herasmerekin. Hala, norgehiagoka ira erabakita utzi zuen ISBk hirugarren laurdenaren amaierarako (42-57). Azken laurdenean buruarekin jokatzea nahikoa izan zuen Merinoren taldeak denboraldiko bosgarren garaipena pilatzeko. Nolanahi ere, otsoek abantaila handitu egin zuten. Etxeko taldea lur jota zegoen ordurako, eta ISB hogei puntuko langaren bueltan ibili zen harik eta amaierara iritsi arte.

Taldelanean oinarritutako garaipena erdietsi zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak Ponferradan, eta horren erakusle garbia da taldeko bost jokalarik hamar puntutik gorako balorazioa eskuratu izana. Aizpitarte izan zen saskiratzaile onena, hamasei puntu pilatuta. Jokalari onenak, berriz, Iñigo Royo eta Jovan Stulic izan ziren, biek hamalau puntuko balorazioa eskuratu zuten eta. Ostiralean jokatuko du hurrengo partida ISBk; Bueno Arenas Albacete Basket taldea jasoko dute Azkoitiko Elkargunean, 20:00etan.

Emakumeen porrota Esteponan

Domusa Teknik ISBk, bestalde, porrota jaso zuen zapatu arratsaldean Esteponan. 81-57 galdu zuen Luis Agirre Katxik zuzentzen duen taldeak. Sendo hasi zuen etxeko taldeak lehia, ideiak oso argi zituela, eta hasiera hark partida baldintzatu zion ISBri; hamabi eta huts aurreratu ziren etxekoak partida hasi eta bi minutu eskasera. Uztaipean min egin zuen etxeko taldeak, baina handik kanpo ere fin aritu ziren andaluziarrak. Horrela, etxeko taldeak hogei puntuko abantaila zabaldu zuen lehen laurdenaren amaierarako (30-10).

Bigarren laurdenari ekin orduko aldea beste bost puntura luzatu zuten etxekoek, baina segituan hasi zen ISB erreakzionatzen. Jone Azkueren eskutik hasi zen Azkoiti-Azpeitiko taldea puntuak pilatzen; hari esker, trantsizioan amaitu zituzten otsoek hainbat eraso, baino lauko postutik ere min egin zuen Azkuek; 2-17ko partziala eskuratuta, ISB hamar puntura ere hurbildu zen markagailuan une batez. Atsedenaldira 39-27 ailegatu zen dema.

Hirugarren laurdenaren amaieran, Intza Lizarazuk bost puntu pilatu zituen bere taldearentzat, eta hala, gehiago hurbildu zen Agirrek zuzentzen duen taldea aurkariarengana. Dena den, etxekoek ISBren saskiratzeei erantzuten jakin zuen, eta aldea hamar punturen bueltan mantendu zuten (55-44). Azkoiti-Azpeitiko taldeak azken laurdenaren lehen bi minutuetara arte eutsi zion andaluziarrekin izandako sokatirari; izan ere, ordutik aurrera lehia erabat hautsi zuten etxekoek. Esteponako taldeak bikoiztu egin zuen ISBren saskiratze kopurua azken laurdenean, eta azkenean, 81-57 amaitu zen lehia.

Azkuek hamabost puntu lortu zituen, eta hura izan zen ISBkoen artean saskiratzaile onena. Halere, Juana Maria Molina izan zen taldekide onena, hark hamahiru puntuko balorazioa eskuratu baitzuen. Zapatuan jokatuko dute denboraldiko 11. jardunaldiko partida, Azkoitiko Elkargunean; Club Deportivo La Salle izango dute aurkari Agirrerenek, 19:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide