Asteburu makurra izan da Lagun Onak futbol taldearentzat, gizon-emakumeen lehen taldeek galdu egin baitituzte etxetik kanpo jokatutako partidak. Zapatu arratsaldean jokatu zituzten biek partidak; gizonak Basauriko (Bizkaia) Artunduaga zelaian aritu ziren Basconia taldearen aurka, eta 5-1 galdu zuten. Aldiz, emakumeek Donostiako Cesar Benito zelaian jokatu zuren, eta 4-3 galdu zuten.
Gizonak aurkari zuzen baten etxean aritu ziren, baina zaplazteko galanta jasota itzuli ziren etxera. 11. minuturako 3-0 ari zen galtzen Azpeitiko taldea. Oker zelairatu zen Jose Luis Riberak zuzentzen duen taldea, eta horri hiru huts gehituta, 80 minutu jokatzeko gelditzen zirenerako partida erabakita utzi zuen Athleticen harrobiko taldeak. Lagun Onakek lortu zuen gerora Basconiaren jokoa baretzea, baina atsedenaldira iritsi aurretik beste opari bat egin zuten Azpeitikoek, eta Basaurikoek laugarren gola egiteko aprobetxatu zuten aukera.
Bigarren zati gogorra eta luzea zuen aurretik Lagun Onakek, baina, gutxienez, zatia berdintzea lortu zuen; 48. minutuan lortu zuen Jokin Zeziagak Azpeitikoen gola egitea, jokaldi dotorea egin eta amaiera ezin hobea emanda. Aldaketei esker lortu zuen Lagun Onakek bigarren zatian itxura hobetzea, baina garesti ordaindu zuen beste behin atzeko lerroan egindako enegarren hutsa; etxekoek modu horretan lortu zuten bosgarren gola.
Hutsetatik ere ikasi behar dela ikusteko balio beharko dio zapatuko partidak Lagun Onaki. Asteburuan, San Ignacio jasoko dute etxean. Hogei puntu ditu gaur-gaurkoz Azpeitiko taldeak, eta sailkapenaren erdialdean dago kokatuta, Portugalete liderragatik bederatzi puntura.
Porrota, Donostian
Emakumeen lehen taldeak, bestalde, Intxaurdi izan zuen aurkari Donostian. 4-3 galdu zuen Miren Arrondoren taldeak; izan ere, gizonen moduan lehiari ekin eta berehala, bederatzigarren minutuan, hasi ziren emakumeak ere galtzen. Etxeko taldea indartsuago agertu zen berdegunean, eta atsedenaldira iritsi baino hamar minutu lehenago bi goleko errenta lortu zuten etxekoek.
Bigarren zatira beste pentsaera batekin zelairatu zen Arrondoren taldea, eta hamar minuturen buruan berdindu zuten lehia. Entrenatzaileak jokamoldea aldatu zuen, eta horri esker, bina berdindu zuen Lagun Onakek; June Casina eta Maria Sorazu izan ziren Azpeitikoen golegileak. Partidaren agintea hartu zuen Lagun Onakek, baina hirugarren gola lortzeko abaguneak sortzen ari zen unean, 64. minutuan, egin zuen Intxaurdik berriro markagailuan aurrea hartzeko gola.
Taldeak burua altxatu eta lanean jarraitu zuen, ordea, eta amaierarako hiru minutu eskasen faltan dema berdindu zuen berriro Azpeitiko taldeak. Malen Astigarragak falta jaurtiketa batean sareetara bidali zuen baloia, eta bizirik ailegatu zen luzapenera. Garaipena lortzeko asmoz, erasora jo zuen orduan Lagun Onakek, baina gero etorriko zena ikusita, ez zuen erabakirik onena hartu; izan ere, etxeko taldeak kontraeraso zitala osatu zuen luzapeneko minutuetan, eta garaipena emango zien gola lortu zuten haiek. Asko eginda izan zuen arren, Lagun Onakek ez zuen jakin puntuarekin konformatzen, eta azkenean, esku hutsik itzuli zen Donostiatik.
Hamabi puntu ditu egun Azpeitiko taldeak, eta sailkapeneko hamaikagarren taldea da. Datorren asteburuan atsedena hartuko du emakumeen taldeak, baina hurrengoan sailkapenean pare-parean duen Ostadar jasoko dute etxean. Gora egiteko partida aproposa izango dute Arrondorenek.