Naiara Orbegozok irabazi du Eleguneko Hizkuntzen Ginkana

Nerea Uranga 2024ko abe. 3a, 12:48

Miren Plazaola zozketan saritua, Aitor LarraƱaga Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua eta Naiara Orbegozo Hizkuntzen Ginkanako irabazlea. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalaren Elegune zerbitzuak laguntzen dituen zazpi enpresetako langileen artean egiten dute Hizkuntzen Ginkana galdera jokoa. Denera, 67 pertsonek parte hartu dute. Euskararen Egunean eman du saria Azpeitiko Udalak.

Gaur, abenduak 3, Euskararen Egunean Azpeitiko Udalak Hizkuntzen Ginkanako saria banatu du, eta Biele enpresako Naiara Orbegozo izan da aurtengo irabazlea. Orbegozok Bertan merkatari elkartearen barruko dendetan gastatzeko 100 euroko saria jaso du Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuaren eta Alaitz Imaz Eleguneko teknikariaren eskutik.

Azpeitiko Udalaren Elegune zerbitzuak laguntzen dituen zazpi enpresetako langileen artean egiten den zortzi galderako jokoa da Hizkuntzen Ginkana. Azaroko ostegunetan bina galdera jaso dituzte parte hartzaileek, eta astelehenera arteko epea izan dute horiek erantzuteko. Denera, 67 pertsonek parte hartu dute jokoan, honako enpresa hauetakoak: Iraurgi Berritzen, Landeta Burdin Lanak, Abelur, Artxara kooperatiba, Kimu Bat, Kulturaz kooperatiba eta Biele.

Irabazlearen sariaz gainera, Hizkuntzen Ginkanan parte hartu duten denen artean 50 euroko saria zozkatu dute. Sari horren irabazlea ere Bieleko langile bat izan da: Miren Plazaola.

Hizkuntzen Ginkana jokoak jatorria Katalunian du. Hala azaldu du Azpeitiko Udalak: "Carme Junyent soziolinguistak egindako lan praktiko batean oinarritutakoa da, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: hizkuntza aniztasunari buruzko ezagutza ematea; hizkuntza aniztasunak daukan garrantzia erakustea; hizkuntza guztiekiko errespetua bultzatzea; hizkuntzak ikasteko motibazioa lantzea; eta hizkuntzei buruzko bitxikeriak ezagutzeko aukera ematea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide