Azpeitiko Zezenzale Batzordeak jakinarazi du saninazioetako zezenketetan parte hartuko duten ganadutegiak zein izango diren. Ana Romero, Murteira Grave eta Loreto Charro ganadutegietako zezenak toreatuko dituzte herriko zezen plazan 2025eko saninazioetan. Zezenzale Batzordeak aurrerago jakinaraziko ditu toreatzaileak eta zezenketa bakoitzaren datak.
Ana Romero ganadutegiko zezenak 2006an izan ziren aurrenekoz Azpeitian, eta orduz geroztik hamaika bider bertaratu dira herriko zezen plazara. Azpeitian historian zehar toreatu diren zezen gehienak ganadutegi honetakoak izan dira. Murteira Grave ganadutegiko zezenek, berriz, seigarren aldia izango dute herriko zezen plazan. Ganadutegiko 47. zezena, Almirante izenekoa, Azpeitian indultua jaso duen zezen bakarra da. Aldiz, Loreto Charro ganadutegiko zezenak bigarren aldiz jarraian izango dira Azpeitiko zezen plazan.