Askotariko ekintzekin ospatu dute Euskararen Eguna ikastetxeetan

Iraia Oteiza 2024ko abe. 3a, 18:24

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta urtero bezala, era askotako ekintzak egin dituzte mailaz maila Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi ikastetxean eta Urola Ikastolan.

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, abenduak 3, eta Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek ere bat egin dute egunaren bueltako ospakizunekin. Askotariko ekintzak egin dituzte Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi ikastetxean eta Urola Ikastolan.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egunari ongietorria emateko pregoiarekin hasi dituzte Euskararen Eguneko jarduerak. Ikasleek eta irakasleek hainbat jolas eta ekintza egin dituzte egun osoan zehar, eta indarrak berritzeko hamaiketakoa egin dute.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko HHko nahiz LHko ikasleek ere Euskararen Eguna ospatzeko ekintzak egin dituzte goiz eta arratsaldez. Kantuan, dantzan, jolasean eta marrazten ibili dira, eta txokolate beroa jateko aukera ere izan dute.

Iraurgi ikastetxean, bost egunez izan dute gogoan Euskararen Eguna, goizeko lehen 10 minutuetan euskararen inguruko galderei erantzunez jardun baitute DBHko eta Batxilergoko ikasleek. Galdera gehien asmatu dituzten geletako ikasleek pastelak jaso dituzte sari gisa. Gainerako mailetako ikasleek, berriz, musikarekin, dantzarekin eta jolasean ospatu dute Euskararen Eguna.

Urola Ikastolan ere egun handia izan dute, eta hainbat jolasetan eta lehiaketatan parte hartuz zein txokolate beroa dastatuz ospatu dute Euskararen Eguna. Halaber, datozen egunetan ere jarraipena emango diete ospakizunei, eta ipuin kontaketa saioa, musika zein bertsoak izango dituzte lagun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide