LED teknologiako argiak jartzen ari da udala herriko hainbat gunetan

Iraia Oteiza 2024ko abe. 4a, 10:43

LED argiak jartzen, Azpeitiko kale batean. (Azpeitiko Udala)

Udalaren arabera, argi berriekin kontsumoa %17,5 gutxituko da eta 40.000 euro aurreztuko dituzte.

Azpeitiko Udala herriko argiteria publikoa berritzen ari da, eta oraingo argien ordez, LED teknologiako argi berriak jarriko ditu herriko zenbait gunetan. Lanekin hasi dira dagoeneko, eta aurreikuspenen arabera, abenduan zehar amaituko dituzte.

Argi berriak honako kale edo eremu hauetan jarriko dituzte: Arretxe kalea, Landeta etorbidea (Arretxeko koadroa), Loiolako Ignazio etorbidea (Loiolako Ignazio 47ko eta 79ko koadroak), Artzubia etorbidea, Ondarra kalea, GI-2634 errepideko argiteria, kiroldegiko aparkalekua, padel eta tenis pistetako argiak, Amue kaleko zati bat (kiroldegi ondoko koadroa), Zubizar kalea, Aitzuriaga kalea, Antzibarrena kalea (Landeta 18ko koadroa), Perdillegi kalea, Jose Artetxe kalea (Euskal Herria auzoko koadroa).

Joanes Amenabar udaleko Ingurumen batzordeburuak azaldu duenez, energia trantsizioari begira “ezinbestekoa” da kontsumoa murriztea, eta horretarako aukera emango dute argi berriek. “LED argi berriekin, kontsumoa %17,5 gutxitzea espero dugu”, azaldu du Amenabarrek. Hain zuzen ere, 2023an 1.199.957 Kwh-koa izan zen argiteria publikoaren kontsumoa, eta kalkuluen arabera, 209.664 kWh gutxiago kontsumituko dute orain jarriko dituzten argiek.

Horrez gain, kostu ekonomikoan ere aurrezpen nabarmena eragingo dutela dio udalak. “2023ko ekainetik 2024ko ekainera, udalak 190,28€/Mwh ordaindu du. Argi berriekin 40.000 euro aurreztuko genituzke”.

Udalak 153.400 euroko inbertsioa egingo du argi berriak instalatzeko, BEZ kontuan hartu gabe. Herriko argiteria publikoaren zati batean duela urte batzuk instalatu zituzten LED teknologiako argiak, baina Amenabarrek iragarri duenez, pixkanaka, herri osoko argiteria publikoan jarriko dituzte mota horretako argiak.

Futbol zelaiko argiak ere aldatuta

Garmendipeko eremuan dauden hiru futbol zelaietatik gehien erabiltzen den zelaiko argiteria sistema guztia ere aldatu egin du udalak. Izan ere, aurreko argiteria sistema zaharkituta zegoen, eta arazo handiak ematen zituen. Kontsumo baxuko LED sistema eta argiteria hori kudeatzeko sistema jarri ditu udalak han. Kudeaketa sistema berri horrek erabilera optimizatzeko aukera emango du, adibidez, futbol zelai erdia bakarrik argiztatzekoa, argi potentzia ezberdinak erabiltzekoa...

Sistema berriari esker, %40 aurreztuko dute kontsumoan, hau da, urteko 24,36 MWh eta 4.600 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide