Abenduko ohiko udalbatzarra egin zuten udal hautetsiek atzo, 19:00etan hasita. Landu zituzten zerrendako gaietan bat etorri ziren EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariak; horrenbestez, gai denak aho batez onartu zituzten.
Hala, Azpeitiko igerilekuan eskaintzen diren kirol zerbitzuak kontratatzeko espedientearen lehen multzoa Neo Kirol Kudeaketa Integrala enpresari esleitzea erabaki zuten udal ordezkariek. Kontratua 709.759 eurokoa izango dela azaldu zuen alkateak, eta adierazi zuen kontratu horren barruan sartuta daudela, besteak beste, igerilekuko harrera, sorospena, ikastaroak, Kirol Orientazio Zerbitzua, baita hainbat pilotaleku kantxen mantenua ere. Orain arte, zerbitzu horiek BPXport enpresak eskaintzen zituen.
Kanpoko igerilekuen zerbitzuari dagokion kontratua, ordea, hutsik gelditu dela jakinarazi zuten atzo udal ordezkariek.
Beste gai batzuen artean, Euskararen Eguneko adierazpena ere onartu zuten, aho batez.
Galdera eta erreguen garaian, Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak adierazi zuen, atzo hamasei urte zirela ETAk Inaxio Uria hil zuela, eta haren familiarekin gogoratzeko eguna ere bazela. Horrez gain, datorren urtean Memoriaren Egunerako udalak zerbait antolatzea proposatu zuen Altunak. EAJko udal ordezkariari Nagore Alkorta alkateak erantzun zion, esanez atzokoan udal ordezkaritza bat egon zela Inaxio Uria zenaren familiakoekin.