Hilaren 16ra arte eman ahal izango da izena Arkupehotsaken zazpigarren edizioan

Iraia Oteiza 2024ko abe. 4a, 15:00

Kulata taldekoak Dinamoan, 2024ko Arkupehotsak egitasmoaren barruan lanean. (Kulturaz)

Datorren urtean musika sortzaile berriei zuzendutako egitasmoan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute oraindik. Berrikuntza garrantzitsua dakar edizio berriak: Arkupehotsaken hautatutako talde guztiek egun bakarrean egingo dituzte emanaldiak Sanagustinen, 2025eko udaberrian.

Kulturaz kooperatibak "musika sortzaile berrien plaza" izateko asmoz jarri du martxan beste behin 2025eko Arkupehotsak. Abenduaren 16ra arte eman ahal izango da izena egitasmoaren zazpigarren edizioan, Kulturazek sarean jarri duen formulario hau beteta.

Musikaren eta soinuaren inguruan sortzea, ikastea, eta sortutakoa zein ikasitakoa plazaratzea da Arkupehotsakek musikari zein musika proiektu berriei eskaintzen dienaren xedea. Hori gauzatzeko, azken edizioetan egin duen gisan, Kulturazek formazio teknikoa, artistikoa eta kontzertu bat emateko aukera eskainiko die hautatzen dituzten sortzaileei. Horiek Dinamoa sormen guneko Soinuaren eremua erabiltzeko aukera izango dute, entseguak egin eta zuzenekoa prestatzeko. Azkenik, emanaldia eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, eta egonaldiak zein kontzertuak argazkiz erregistratuko ditu Kulturazek.

2025eko edizioak badu berrikuntza nabarmena ere. Orain arteko edizioetan, banaka eman izan dituzte kontzertuak Sanagustinen Arkupehotsaken parte hartu izan duten taldeek, datorren urtean, ordea, egun bakarrean egingo dituzte emanaldi guztiak. Udaberrian izango da hori, baina eguna aurrerago jakinaraziko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide