Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak jarri dituzte dagoeneko Gabonetako argiak herriko kaleetan. Herrigunean nahiz Urrestillan jarri dituzte askotariko argiak, eta berritasun moduan, eta auzotarren eskaerari erantzunez, Landetan ere bai.
Bihar piztuko dituzte horiek, iluntzearekin batera. Udalak azaldu duenez, iluntzen duenean automatikoki pizten dira argiak eta gauerdira arte egongo dira martxan. Egunero, gehienez, sei ordu egongo dira horiek piztuta, eta udalak azaldu duenez, horiek 12,36 kWh kontsumoa izango dute orotara (bataz beste, 0,36 etxek urtebetean duten kontsumo energetikoa).
Kaleetan jarri dituzten argiak alokatutakoak dira, eta udalak azaldu duenez, horien aurrekontua 20.528 eurokoa da. Zenbateko horretatik 14.550 euro Bertanek ordainduko ditu, horretarako Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza baten bidez. Gainerako 5.978 euroak, berriz, Azpeitiko Udalak jarri ditu merkataritza txikiari bultzada emateko xedez.