Maider Azurmendik (Zumarraga, 1975) Errotik erakusketa jarri du ikusgai Azpeitiko Foru Ibilbideko aretoan. Erakusketan jaso dituen lan guztiek jatorri bera dutela jakinarazteko asmoz jarri dio izen hori bildumari. Lanek badute lotura elkarren artean, baina elkarrengandik desberdinak dira, artistaren serie desberdinetakoak baitira.
Azurmendiren erakusketako lan gehientsuenak 2019-2020an eginak dira; horietako batzuk, COVID-19aren pandemia garaian ezarri zuten itxialdian. Askorentzat sasoi hura "traumatikoa" izan bazen ere, egileak esan du halako egoeretan diziplina artistikoak onura ekar diezaiokeela edozein norbanakori edo sortzaileri. "Itxialdia hobeto eramaten lagundu zidan sormenak. Izan ere, denbora luzez sortzeko aukera izan nuen".
Eskuekin lan egiteak "nolabaiteko plazera" eragiten diola adierazi du, inguruko arazoez ahazteko aukera ematen baitio. "Artea zenbait arazo tratatzeko erabiltzen da terapia psikologikoetan". Horri lotuta, Louise Bourgeoisek Tracey Emini egindako elkarrizketa bateko pasarte bat ekarri du gogora: Tracey Eminek artista izatea "tormentua" zela esan zuenekoa, hain zuzen ere. "Bourgeoisek esan zion hori ez zela horrela. Artista izatea, tormentua beharrean, pribilegioa zela adierazi zion. Bat egiten dut horrekin, arteak nolabait oreka berreskuratzeko aukera eman dezake eta".
«Itxialdia hobeto eramaten lagundu zidan sormenak. Izan ere, denbora luzez sortzeko aukera izan nuen»
MAIDER AZURMENDI Artista
Azurmendik erakusketara eraman dituen lanak ez dira soilik pandemia garaian egindakoak. 2017 eta 2018 artean ondutako zeramikazko pieza batzuk ere eraman ditu, baita aurten gauzatu eta «etapa berri baten irekiera» irudikatzen duen lan bat ere. "Elementu edo material desberdinez egindako lanak ikus daitezke erakusketan, eta zaldi ilez osatutako zeramikazko pieza batzuk eta artilez egindako pieza bat ere bai". Askotariko materiala erabili du lanerako, hala nola oihalak, egurra, beira, hariak, sokak, larrua, porlana, igeltsua, animalien ileak eta gomak. "Inguruneari adi egoten naiz, eta, interesatzen zaidan elementuren batekin topo egiten badut, lanerako dudan gunera eramaten dut".
Material preziatua
Animalien ileak dira erakusketarako erabili duen materialik bereziena. Hasieran ilea erabiltzen zuen arren, azaldu du artea egiteko "oso erakargarria" zitzaiola. "Pixkanaka hasi nintzen zaldiaren ilearekin lan desberdinak egiten, eta ondoren, kasualitatez, artilea iritsi zen nire eskuetara". Gaineratu du material hori, kontserbazioari dagokionez, "oso konplikatua" dela. "Erraz narria daiteke hezetasunaren, tenperaturaren edo eragile biologikoen eraginez. Ezustekorik ez izateko, beraz, kontuz erabili behar da".
Aristak uste du artilea sorkuntzarako material "oso aberatsa" dela. "Gure ardi latxen artile gehiena suntsitu egiten da, eta penagarria da. Artzainek dirua galtzen dute, ile horrek ez duelako erabilera jakinik gaur egun". Denborarekin, artilearen gainean ikertzen hasi zen Azurmendi, eta poliki-poliki «mundu zabal» batean sartu zela adierazi du. "Asko ari naiz ikasten material horrekin".
Bisita gidatuak
Azurmendik Azpeitiko Kulturaz kooperatibaren DOI programaren barruan jarri du ikusgai erakusketa. Artistei beren lanak erakusteko aukera eskaintzeko asmoz jarri dute martxan programa, eta Azurmendirena da egitasmoko seigarren erakusketa. Bost artistak erakutsi dituzte aurretik lanak: Jonathan Escapak, Pello Ulaziak, Jokin Guridik, Irati Antiak eta Nora Alberdik.
Azken egunak ditu Azurmendiren erakusketak, igandea izango baita azken eguna. Gaurtik ordura bitartean, gaur irekita izango da, 18:00etatik 20:00etara, eta bihar eta etzi, 12:00etatik 14:00etara. Gainera, bisita gidatuak eskainiko ditu artistak. Gaur eta bihar izango dira bisitak, 18:00etan gaur eta 12:00etan bihar.
Azurmendi ez da bere lanen gaineko azalpenak eman zalea, baina, haren ustez, herritarrek arte garaikidea ulertu ahal izateko, artistek azalpenak behar izaten dituzte batzuetan. "Tamalez, jende askori arrotza egiten zaio arte garaikidea, eta bisitetan zalantzak argitzeko aukera eskainiko dut".
Artista eskertuta dago erakusketa jartzeko aukera eman diotelako. Dioenez, bere lanak jendeari erakustea "ziklo bat ixtea bezalako zerbait" da. Gainera, kontatu duenez, lanak erakusteko ez ezik, obra berria sortzeko ere baliatu du erakusketa. "Eskertzekoa da lanerako leku eroso bat izatea, eta horrelako aukerak aprobetxatu egin behar dira".