Beldurrari eta animazioari eskainitako asteburua dute aurretik Azpeitian. Ospel Films ekoiztetxeak, Kulturazek eta Azpeitiko Udalak antolatuta, bihar eta etzi egingo dute Hator Hator Horror Fest jaialdiaren laugarren edizioa. Bihar, haurrei zuzendutako ekintzak izango dira goiz-eguerdi partean, eta arratsaldean, metal musikak hartuko du Sanagustin kulturgunea. Igande arratsaldean, berriz, film laburrak emango dituzte, Soreasu antzokian.
Festibalaren antolatzaileetako bat da Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978), eta hark argi du urtez urte handitzen ari den jaialdia dela haiena. "Zinematografikoki asko ari da hazten jaialdia, izan da-eta jaialdiaren nolabaiteko zabalkunde bat". Hazkunde horren seinalea da aurten jaialdira aurkeztu den film kopurua; izan ere, munduan zehar ekoitzi eta saritu izan dituzten 250 ikus-entzunezko lan baino gehiago jaso dituzte. Dena den, igande arratsaldeko sariketan, guztira, hamar lan lehiatuko dira.
"Maila handia"
Hator Hator Horror Fest jaialdira aurkeztu diren lan kopuruak bakarrik ez, horien guztien produkzio maila ere "asko hazi" da Rodriguezen arabera. "Duela urte batzuk ere jasotzen genituen ekoizpen maila handiko lanak, baina beste asko oso amateurrak ziren. Aurten, ez dakit jaialdia ezagunagoa egin delako edo zer, ekoizpen maila oso-oso ona sumatu dugu".
Maila igotzeak, noski, berarekin dakar filmen aukeraketa zailtzea. Antolatzaileek urte hasieran zehazten dituzte lehiaketarako hautatuko dituzten filmak erabakitzeko irizpideak. Batetik, lanek beldurrezko edota fantasiazko generoarekin bat egiten duten edo ez aztertzen dute. Bestetik, aintzat hartzen dute filmek kritika zeri egiten dioten. "Kontuan izaten dugu lanak narratiboki originalak diren ala ez, baina gustatzen zaizkigu oinarrian arlo sozialeko kritikak erakusten dituztenak".
Lanen mezuari dagokionez, bestalde, askok «mezu oso bortitza» dutela nabarmendu du Rodriguezek, baina, oro har, "lan ezberdinak" jaso dituzte. "Aurreko urteetan, generoari lotutako klixe asko jarraitzen zituzten lanek, baina aurtengoak mezu oso bortitzekoak eta ikuspegi originalekoak dira".
Hamaikagarren lan bat ikusteko aukera ere izango da, ordea, Soreasun; izan ere, Ospel ekoiztetxeak Gizaki animaziozko film laburra aurkeztuko du lehiaketatik kanpo. Kritika sozial "oso handia" egiten duen filma emango du Rodriguezen lantaldeak; izan ere, haren esanetan "umeak ari dira ordaintzen helduen akatsak, bai gerra aldetik, bai gatazka aldetik".
Ekoiztetxearen XR estudioko teknologia erabili dute lana ontzeko. "Bideojokoetan eta filmetan erabiltzen den teknologia lortu genuen duela pare bat urte, eta horri esker, animaziozko mugimenduak detektatzen dituen jantzi batzuk erabili ditugu". Horren aurrean, "estetika alaia" erakutsi nahi izan dute lanean, nahiz eta oinarrian "oso istorio tristea eta gordina" izan. "Kontraste hori egin nahi izan dugu", adierazi du.
Gazteengandik gertuago
Jaialdia «globalagoa» izan dadin lan egin dute aurten Rodriguezen lantaldekoek. «Herritar gehiagok parte hartzea nahi dugu, eta jendea erakartzeko, bestelako ekitaldi batzuk gehitzea izan da asmoa». Horri tiraka, gaztetxoentzako eskaintza handiagoarekin dator aurtengo jaialdia. «Ekitaldi gehiago jarri ditugu umeentzat; haientzat aberatsagoa izango da», dio Rodriguezek.
Jaialdia kalera aterata, herriratzen ere saiatu dira. Hala, magia gunea, Munstroen laborategia deituriko ilustrazio tailerra eta makillaje tailerra izango dituzte aukeran haurrek zein gazteek.
Hator Hator Horror Festen egitaraua:
Abenduak 7, larunbata.
- 12:00. Magia gunea, Olazko Andre Mariaren plazan. Gazteen Hator Festen barruan.
- 12:30. Ilustrazio tailerra nerabeentzat, Sanagustin kulturgunean. Parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez lotura honetan gonbidapena hartzea. Gazteen Hator Festen barruan.
- 13:30. Makillaje txokoa, Sanagustinpean. Gazteen Hator Festen barruan.
- 18:30. Elbereth, Sijjin, Toxikull eta Iron Curtain metal musika taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. Sarrera doan da.
Abenduak 8, igandea.
- 17:00. Hator Hator Horror Fest film laburren emanaldia. Gizaki film laburraren aurkezpena eta jaialdian saritutako film laburren emanaldia, Soreasu antzokian. Sarrera doan da. Animaziozko eta fikziozko film labur onenak sarituko dituzte.