Azpeitiko DBHko ikasleek euskararen A1 maila Ingura plataformaren bidez egiteko aukera izango dute

Iraia Oteiza 2024ko abe. 7a, 09:00

HABEk Ingura plataforma digitala jarri du abian, euskara online ikasteko eta irakasteko. Azpeitiko ikastetxeetako DBHko ikasleek euskararen A1 maila plataforma horren bitartez egiteko aukera izango dute, Azpeitiko euskaltegiak bultzatuta.

HABEk, Eusko Jaurlaritzaren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, Ingura izeneko plataforma digitala jarri du abian, euskara online ikasteko eta irakasteko. Euskararen A1 mailako ikastaroa ere eskaintzen du plataforma horrek, eta nahiz eta HABEren jarduna 16 urtetik gorakoei zuzendua izan, Ingurako edukiak DBHkoentzako ere egokiak izan daitezkeela iritzi dio Azpeitiko euskaltegiak. Hori horrela, DBHko ikasleei zerbitzu hori eskaintzeko aukeraz galdegin dio euskaltegiak HABEri, eta baiezkoa jaso du.

Etorkizun egitasmoaren bitartez, eta herriko ikastetxeekin elkarlanean, Azpeitiko Udal Euskaltegiak euskara irakasten die behar gehien duten ikasleei. Etorkizun egitasmoa osatzeko aproposa delakoan, Ingura eskaini die DBHko ikasleei. Aste honetan bertan hasi dira plataformako aurreneko ariketak egiten. A1 mailako 60 egoera bideo, 60 azalpen bideo, gela birtuala, 30 berrikusketa jarduera eta mintzamena, idazmena, gramatika, hiztegia eta kultur edukiak lantzeko zein ebaluatzeko 200 item daude eskuragarri Ingura plataforman.

"Ikas plataforma horren bitartez, euskara edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi eroso eta malgu ikasteko aukera eman nahi diegu ikasleei", adierazi du Azpeitiko Udal Euskaltegiak. Gaineratu duenez, malgutasun hori "bereziki garrantzitsua" izan daiteke ikasturte erdian edo uda sasoian bertaratzen diren nerabeentzat ere, edozein sasoitan euskara ikasten hasteko aukera izango dutelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide