Aimar Zubizarreta eta Iakes Galarraga Zainduz Azpeitia taldeko kideek Denontzat Hybrid Games 4x4 txapelketa irabazi dute gizonetan bikoteka. Atzo jokatu zuten txapelketa hori Irungo (Gipuzkoa) Uranzu pilotalekuaren barruan eta kanpoaldeko parkean.
Hamahiru bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta aurreneko txandako hiru multzotako bost bikote azkarrenak finalera sailkatu ziren. Lehen txanda horretan azpeitiarrek bigarren denbora onena egin zute. Finaleko saioan lehia handia egon zen lehiakideen artean, baina Zubizarretak eta Galarragak irabaztea lortu zuten, bukaerako proban barra batean hiru minutuan segidan zintzilik egonda.
Lasterketarekin batera indar eta erresistentzia ariketak batzen dituen txapelketa da irabazi dutena. Txapelketaren txanda bakoitzean egin behar izaten zutena honakoa izan zen: Uranzu pilotalekuaren kanpoan 500 metro lasterka egin, arrastaka sare baten azpitik pasatu, eta lasterka jarraitu aldapan gora eta behera. Segidan, hamabost bat kiloko zakua hartu bizkarrean, eta eskailera batzuk jaitsi eta igo behar izan zituzten; zakua utzi eta beste 500 metro korrika egiteko. Hori bukatutakoan, frontoian ariketa bat egin behar izan zuten. Txanda bakoitzean hori guztia lau aldiz egin behar izan zuten, lau korrikaldi eta lau ariketa gauzatuz.