Lagun Onakek denboraldiko lehen porrota jaso du etxean. Aurreko astean Basaurin (Bizkaia) jipoia jasota, Garmendipeko zelaiak orain arte emandako indarra baliatzera zelairatu ziren Jose Luis Riberarenak, baina San Ignaciok neurketa amaitzeko ordu laurdenaren faltan bi gol egin zituen, hala hiru puntuak irabaziz.
Ondo hasi zen partida Lagun Onakentzat, lehia hasi eta minutua betetzerako Unax Odriozola zarauztarrak aurretik jarri baitzuen taldea; area kanpotik egin zuen jaurtiketa Odriozolak, eta gol ederra lortu zuen, baloia eskuadra paretik ate barrura bidalita. Joan den astean bezala, ostiralean ere maila ona erakutsi zuen zarauztarrak.
Ordea, markagailuan aurretik jartzeko golak hausporik ez zion eman Riberaren taldeari; alderantziz, estutu egin zen taldea, uzkurtu. Bisitariek, berriz, gora egin zuten, jarrera ona erakutsiz eta baloiaren jabetza hartuz; jokoaren ekimena San Ignaciorena izan zen atsedenaldira bitartean. Zalantzarik gabe, lehen zatiko konturik pozgarriena markagailua izan zen Azpeitiko taldearentzat.
Lehena amaitu zen bide beretik hasi zen bigarren zatia ere Garmendipen. Lagun Onakek nahia eta ezina erakutsi zuen bigarren 45 minutuetan. Hori gutxi ez, eta aurkariak gero eta sarriago iristen ziren Azpeitikoen atera. Margailuari nola edo ahala eusten zion Riberaren taldeak, baina partida traza iluna hartzen hasi zen.
Ikusten zen arabarrek une batetik bestera egin zezaketela berdinketaren gola, eta halaxe izan zen; lau minutuan irauli zuten lehia Garmendipen. 72. minutuan berdindu zuten lehia, eta 76. minutuan aurrea hartu. Etxeko zortzi jokalarik parte hartu zuten ostiraleko deman, eta horietako zazpirekin amaitu zuen partida Riberak. Nolanahi ere, ezer gutxi egin ahal izan zuten azpeitiarrek ordura artekoa zuzentzeko.
Lagun Onaken Garmendipeko lehen porrota eragin zuen hala San Ignaciok; zalantzarik gabe, aurten Azpeititik igaro den “talderik onenetakoa” izan da, klubeko ordezkarien esanetan. Riberaren taldea, berriz, asko ari da sumatzen min hartutakoen hutsunea.
Lehen itzulia amaitzeko, hiru partida baino ez dira gelditzen Espainiako Hirugarren Federazio Mailan. Datorren asteburuan, Pasaian (Gipuzkoa) jokatuko dute, beti zaila den zelaian. Hilabete darama Lagun Onakek garaipenik lortu gabe, eta horretarako aukera izango du zapatuan (16:30), Jesus Mari Zamora zelaian. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko bederatzigarrena da Lagun Onak, hogei punturekin.