Azpeitiko Metal Boskoteak eta Euskal Herriko tuba komunitateak Gabon Tuba kontzertu berezia egin dute gaur, 13:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
Eguraldi txarra iragarrita zegoelako, Jose Antonio Agirre plazatik Sanagustin kulturgunera lekualdatu zuten emanaldia aurrez; eta erabakia ez da txarra izan, euri zaparradak izan baitira nagusi kanpoan. Hala, kulturgunearen epelean entzun ahal izan dute musikazaleek Gabonetako kontzertu berezia.
Gabon Tuba kontzertu solidarioa izan da gaurkoa, eta bildutako dirua Valentziako uholdeetan kaltetutako musika elkarteei laguntzera bideratuko dute. Antolatzaileek aurreratu zutenez, joan den ostegunerako 315 euro bilduta zituzten musikariek egindako ekarpenei esker.
Gaurkoan ere, Valentziako uholdeetan kaltetutako musika elkarte batzuetako argazkiak jarri dituzte erakusgai Sanagustinen, baita diru ekarpena egiteko aukera ipini ere. Ekarpena egin nahi dutenek honako galdetegia beteta ere eman dezakete laguntza.