Ireki dute trafikoa Loiolako Ignazio hiribidean

Andoni Elduaien 2024ko abe. 8a, 16:05

Errepidea itxita, Loiolako Ignazio hiribidean. (Utzitakoa)

Azken orduetan egindako euri kopurua dela eta, ur putzu handi bat sortu da Loiolako Ignazio hiribidearen biribilgune ondoan, baina egoerak hobera egin duela ikusita, ireki dute berriro. Herriko gune gehiagotan ere izan du eragina urak eta ekaitzak. Udalak emergentzia plana aktibatuta dauka, eta zalantzaren bat izanez gero, 092 telefonora deitzeko adierazi du.

Ur putzu handi bat sortu dela eta, Ertzaintzak itxita izan du errepidea Loiolako Ignazio hiribidean. Dena den, duela gutxi zabaldu du atzera trafikoa, egoerak hobera egin duela ikusita. Azken orduetan botatako euri-jasak tarteko, ur asko pilatu da GI-631 errepidean, hiribide horretako biribilgunearen ondoan, eta hori horrela, Ertzaintzak trafikoa bi noranzkoetan ixtea erabaki du 15:45 inguruan. Baina 16:25erako ireki dute atzera errepidea. 

Azpeitiko Udalak ibai ondoetatik autoak mugitzeko gomendioa egin du, eta autoak aparkatzeko Urola ikastetxeko eta Iraurgi ikastetxeko (Etxe Alai eta Santutxo artean) atariak ireki ditu. Horrez gain, arratsaldean emergentzia plana martxan jarri du udalak, eta zalantzarik izanez gero 092 telefonora deitzeko esan du.

Dena den, euriak arazo gehiago ere sortu du herrian. Madalena auzoan, ibaiaren alboan, ur asko ari da pilatzen azken minutuetan; ura auzoaren goiko kaleetatik behera ari da egiten, eta ur putzu handia sortu da gune horretan ere. Udaltzaingoa auzoaren egoera gainbegiratzen ari da une honetan, eta hedabide honi esandakoaren arabera, "posible da laster han ere errepidea ixtea". Baina, 16:50ean kalea irekita dago. Sanjuandegiko Urbitarte auzoan, berriz, uholde txikiak ari dira sortzen; Udaltzaingoak ez du adierazi uholde horien jatorria zein den.

Soreasu eta Madalena arteko bidegurutzea 16:50ean. (Andoni Elduaien)

Ordea, putzuak bakarrik ez, lur jausiak ere eragin ditu euriteak. GI-2634 errepidean, Azpeitia eta Errezil artekoan, lur jausi handi bat izan da 13:00etan. Ertzaintzak Gukari jakinarazi dionez, "harri handi bat" erori da errepide gainera, eta trafikoa itxi egin behar izan dute ordubetez. Nolanahi ere, 14:00etarako lortu dute berriro errepidea trafikoari irekitzea.

Euri asko egin du azken orduetan, eta abisu horiak indarrean jarraitzen du oraindik, prezipitazioak direla eta. Euskalmetek eman duen datuaren arabera, Ibai Ederreko estazioa maila horira iritsi berri da.

Emergentzia plaza indarrean eta autoak mugitzeko gomendioa

Bestalde, Azpeitiko Udalak ibai ondoetatik autoak mugitzeko gomendioa egin die herritarrei. "Euri asko ari duenez eta alerta egoerak datozen orduetan ere jarraitu egingo duenez, ibai ondoetan dauden autoak kentzea gomendatzen du udalak", azaldu du erakundeak sare sozialen bidez. Udalak jakinarazi du Iraurgi eta Urola ikastetxeetako atariak ireki dituztela, autoak ibai ondoetan dituztenek han aparka ditzaten. 

Urola ibaia Madalenako zubiaren parean, 16:50ean. (Andoni Elduaien)

Arratsaldean, zuhaitz baten adarra puskatu da Berdelarin karabanak eta autokarabanak aparkatzeko udalak egokituta daukan aparkalekuan, eta suhiltzaileak joan dira guztiz moztera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide