Aldundiak zapatu arratsaldean banatuko ditu Azpeitian 2025eko bere egutegiaren aleak

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 9a, 17:22

Hainbat lagun 2025eko egutegia osatzeko argazki lehiaketaren sari banaketan. (GFA)

Plazan egongo da aldundiaren furgoneta 16:00etatik 17:30era, foru egutegia eskuratu nahi duten herritarren zain.

Gipuzkoako Foru Aldundiak prest dauka 2025eko egutegia, eta lehen aldiz, lurraldeko udalerri guztietara iritsiko da foru egutegiaren banaketa. Gipuzkoa 1.000 urte leloarekin osatu du erakundeak datorren urterako egutegia eta lelo berarekin deitu zuen egutegia osatzeko argazki lehiaketa ere, "Gipuzkoaren lehen aipamen dokumentalari omenaldia" eginez eta "gipuzkoarrei lurraldearen iraganari, orainari eta etorkizunari buruz duten ikuspegia islatzera gonbidatuz".

Egutegiaren 40.000 ale inprimatu ditu aldundiak eta horiek "udalerri bakoitzeko biztanleriaren arabera" banatzea da erakundearen asmoa. "Gainera, egutegia Gipuzkoako foru eraikinetan eta egoitzetan egongo da eskuragarri. Bederatzi egunez, bi furgonetak lurraldea zeharkatuko dute, banaketa bermatzeko", azaldu du.

Azpeitian, zapatu honetan iritsiko dira aldundiaren egutegiak. Plazan egongo da aldundiaren furgoneta 16:00etatik 17:30era, foru egutegia eskuratu nahi duten herritarren zain.

Ibarzabalen argazki bat

Azpeitiko Argazki Elkarteko kide Juan Mari Ibarzabalen argazki bat hautatu dute aldundiaren egutegirako. Hain zuzen ere, irailean jarri dute azpeitiarrak Astigarragan atera zuen argazki bat.

Honako hau da irudia:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide