Sarek Behin betiko izeneko dinamika jarri du martxan, euskal presoen egoerarentzako konponbidea aldarrikatzeko xedez, eta Azpeitiko Sarek ere bat egin du horrekin. Hain zuzen ere, elkarbizitzaren eta bakearen alde lanean jarraituko duela esan du Sarek, indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztientzako konponbidea erdietsi arte. "Euskal preso, exiliatu eta deportatuen gaiari behin betiko irtenbide justua ematea premiazkoa da, baita indarkeriaren biktima guztiei tratamendu justua ematea ere", esan dute Sareko kideek.
Gabonetarako bi hitzordu antolatu ditu Azpeitiko Sarek, Behin betiko. Gotzon gurekin lelopean: abenduaren 24rako elkarretaratzea, eta hilaren 29rako giltza-katea. Zehazki, abenduaren 24an, 18:30ean, plazan egingo dute kontzentrazioa. Hilaren 29an, igandez, berriz, giltza-katea deitu duten egitasmoa gauzatuko dute, Perez Arregi plazatxotik plazara bitartean, 18:30ean hasita.
Halaber, urtarrilaren 11n Bilbon Sarek deituta egingo den manifestazio nazionalera joateko deia ere egin dute; 17:00etarako jarri dute hitzordua, La Casillan. Hara joateko autobusak antolatuko dituzte Azpeitian ere –aurrerago emango dute horri buruzko informazioa–.
Konpontzeko daudenak
Sarek adierazi duenez, gatazkaren ondorio batzuk konpondu dira, baina beste batzuek "oinazea eta bidegabekeria" eragiten dituzte oraindik ere. "Horien artean nagusienetako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira; izan ere, haien eskubideak urratzen segitzen dute, ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere".
Gainera, Sarek jakinarazi du "bake justuaz" hitz egiten uzten ez duten korapiloak askatzen lagunduko duela hemendik aurrera ere: "Askatasunean eta bestearekiko begirunez bizitzeak eta jarduteak ekartzen dituzte elkarbizitza eta behin betiko bakea, eta helburu hori amets bat baino zerbait gehiago da. Euskal gizartean lortu behar dugun gutxienekoa da, eskubidea dugulako hurrengo belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko".