Badatoz urte amaierako jaiegunak, eta horiekin lotutako urteroko osagaietako bat martxan dago jada. Urtero legez, aurreko urteko San Tomas egunean ateratako argazkiekin erakusketa antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE), eta atzotik ikusgai dago Betharrameko udal aretoan.
Hain zuzen ere, herriko hainbat argazkilarik santomasetako giroa islatzeko egindako 30 argazki zintzilikatu ditu AAEk Betharrameko paretetan, eta hantxe egongo dira hilaren 22ra arte. Ordura bitartean, egunero izango da erakusketa ikusteko aukera, astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan zein jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.