Azken urteetan, Azpeitiko Udalak Aztiria enpresarekin zuen udalerriko hilerrien mantentze lanetarako eta ehorzketa zerbitzua eskaintzeko kontratua eginda. Kontratu hori azaroaren 30ean bukatu zen, ordea. Epe horri aurre hartzeko xedez, hilerrietako zerbitzua lehiaketara atera zuen udalak, baina ez zen inor aurkeztu eta hutsik gelditu zen deialdia. Horren aurrean, hainbat enpresarekin jarri zen harremanetan erakundea, eta berriro lehiaketara atera zuen hilerriko zerbitzua; kasu horretan, hautagai bakarrak aurkeztu zuen proposamena: Hargoi enpresak. Enpresa horrek hartu du zerbitzuaren ardura, eta aldaketen berri eman du Ander Larrañaga Udal Zerbitzuetako batzordeburuak.
Hargoi enpresa arduratuko da, urtebetez, Azpeitiko bost hilerrien –Abitain, Urrestilla, Aratzerreka, Nuarbe eta Matxinbenta– mantenuaz eta ehorzketa zerbitzuez. Orain arte ehorzketa zerbitzuak izan duen ordutegiak, baina, aldaketak izango ditu; izan ere, ehorzketak astelehenetik larunbatera egingo dituzte, 16:00ak arte. Hemendik aurrera, beraz, igandeetan ez dute ehorzketarik edota gorpuak nitxoetan sartzeko zerbitzurik eskainiko. Inguruko herri gehienetan ere, igandeetan ez dute zerbitzu hori eskaintzen.
Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, Azpeitian batez beste 80 ehorzketa edota nitxoetan sartze egiten dituzte urtean.