Oinarrizko argazkigintza ikastaroan izena emateko epea ireki du AAEk

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 11a, 08:41

(Argazkia: Pixabay)

Otsailaren 19tik apirilaren 9ra emango du aurtengoa argazki elkarteak, asteazken iluntzetan. Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 30era arte eman dezakete izena baina toki mugatua izango du ikastaroak: hogei lagunentzat, gehienez.

2025ean ere emango du Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) oinarrizko argazkigintza ikastaroa, eta izen ematea ireki du dagoeneko.

Reflex erako kamerak erabiltzen ikastea nahi dutenei zuzendutako ikastaroa da AAEk eskainiko duena; horrelako kamera dutenei etxetik eramateko eskatuko diete, baina ez da derrigorrezkoa ikasleek reflex kamera bat eskura izatea.

Otsailaren 19tik apirilaren 9ra emango du aurtengo ikastaroa argazki elkarteak, zortzi egunetan banatuta: otsailaren 19an eta 26an; martxoaren 5ean, 12an, 19an eta 26an; eta apirilaren 2an eta 9an. Asteazken iluntzetan egingo dituzte saioak, 20:00etatik 21:30era; AAEren egoitzan egingo dituzte gehienak, Dinamoa sormen guneko lehen solairuan, baina "irteera praktikoak" ere egingo dituzte. Ikastaroa euskaraz egingo dute.

Oinarrizko argazkigintza ikastaroan parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 30era arte eman dezakete izena, baina toki mugatua izango du ikastaroak: gehienez hogei laguneko taldea osa daiteke, baina ikastaroak aurrera egiteko gutxienez hamar lagunek eman beharko dute izena. aae.azpeitikoargazkielkartea@gmail.com helbidera mezua bidaliz eman daiteke izena, eta azkarren idazten dutenek izango dute lehentasuna. 60 euro da ikastaroaren prezioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide