Ospel Films ekoiztetxearen Gizaki animaziozko film laburra Hanan animaziozko zine jaialdirako hautatu dute. Abenduaren 15etik 20ra bitartean egingo dute festibala Marokoko hiriburuan, Casablancan, eta Xanti Rodriguezen ikus-entzunezko lana hilaren 20an, ostiralez, emango dute, hango auditorio nagusian.
Nazioarteko hautagaien kategorian emango dute Gizaki film laburra, eta Animaziozko Film Labur Onenaren saria eskuratzeko lehian izango da. "Istorio paregabeak kontatzeko dugun grina indartzen digu lorpen honek, eta publikoarekin konektatzeko nahiz haiek hunkitzeko modu berriak aztertzen jarraitzera bultzatzen gaitu", azaldu du Rodriguezek sare sozialetan.
Hanan zine jaialdirako hautatuta, dagoeneko zortzigarrenez aukeratu dute Gizaki zine munduko jaialdiren baterako. Besteak beste, Irango Tehran International Short Film jaialdian, Bartzelonako Sitges nazioarteko jaialdian, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean, Greziako Animation Marathon festibalean, Palentziako (Espainia) Aguilar de Campo film laburren jaialdian, Oviedoko (Espainia) film laburren jaialdian eta Bilboko Animakom festibalean eman dute Rodriguezen lana.
Gizaki film laburraz
Kana da Gizaki film laburreko protagonista, gazteen desioen bila bidaia egin ohi duen izaki bat. Arazo bat duen lagun bati laguntzen saiatuko da hura, haren subkontzientean barneratuz. Behin barruan, Kana konturatuko da ezer ez dela dirudiena.