Eskuz Binakako Pilota Txapelketak Azpeitian egingo du geldialdia urtarrilaren 17an, ostiralez. 20:45ean hasita, txapelketako hamargarren jardunaldiko bi pilota partida ikusteko aukera izango dute pilotazaleek Izarraitz pilotalekuan.
Jaialdiko partida nagusian, Erik Jaka eta Ander Imaz ariko dira batetik, eta bestetik, Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Dena den, aurretik, promozio mailako partida bat ere izango da: Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarra etxean arituko da Iñigo Bikuñak lagunduta; bikote horrek Dario Gomez eta Arkaitz Gabirondo izango ditu aurkari.
Sarrerak
Sarrerak ez dituzte oraindik salmentara atera, baina datozen egunetan jarriko dituzte salgai Entradas Fronton webgunean. Partida egunean, urtarrilaren 17an, Izarraitz pilotalekuko leihatilan ere erosi ahalko dira jaialdirako sarrerak.
14 urtetik beherakoek (2011. urtetik aurrera jaiotakoek) eta Ilunpeko pilotariek doan izango dute sarrera.